Bakearen Artisauen deiari erantzunez zapatuan
Parisko (Frantzia) kaleak bete zituzten hainbat euskaldunek, tartean Lea-Artibai eta Mutrikuko hainbat herritarrek.
ETA-k armak utzita dituela eta, orain presoen auziari
konponbidea aurkitzeko garaia dela esan zuten Bake Artisauek, eta horretara joan zen jende andana Euskal Herritik Parisera zapatuan: konponbidea aurkitzeko Frantziako eta Espainiako estatuei
presoen gaian urratsak eman ditzala eta salbuespeneko egoerak kendu ditzala eskatzera,
Bakea Euskal Herrian: orain presoak lelopean.
Bakearen Artisauez gain, Euskal Herriko alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkaririk ere egon zen Parisko kaleetan:
EH Bilduko Eurodiputatu Josu Juaristi,
ELA sindikatuko Adolfo ‘Txiki’ Muñoz edo
LABeko Garbiñe Aranburu esaterako. Hainbat herritako alkateak ere bertaratu ziren.
EAJ-k ez zuen hegoaldeko ordezkaririk bidali Parisera, eta manifestazioarekin bat egiteko Olivier Baratxart bidali zuen. Baina aipagarriena politikari frantziarren ordezkaritza zabala izan zen. Alderdi eta pentsamolde desberdinetako ordezkariek egin zuten bat manifestazioarekin. Ordezkari publikoen atzean
presoen senideak joan ziren,
Etxean nahi ditugu leloa zeukan pankartaren atzean.
Lea-Artibaiko hainbat herritar, Parisko Eiffel dorrearen aurrean zapatuan. Argazkia: Turrune
Vauban enparantzan amaituzen manifestazioa.
Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak hartu zuen hitza bukaeran. Bake prozesuak emandakoaren laburpena egin zuen. Aieteko adierazpena onartu zuten egunagaz hasi zuen errepasoa. ETA armagabetu zenetik
zortzi hilabete igaro direnean, euskal presoen gaia lehenbailehen konpontzea jarri zuen lehentasuntzat. Gaur egun bai Espainian eta baita Frantzian ere euskal presoek jasaten dituzten salpuespeneko egoerak onartezinak direla esan zuen. Euskal Herrian martxan dagoen bake prozesuak Frantziako gobernuaren laguntzarik gabe aurrera egitea oso zaila dela aitortu zuen, eta gaineratu zuen
Euskal Elkargoko indar politiko guztiek babestu egiten dituztela zapatuan Parisen egindako eskaerak.
Jonan Fernandez Jaurlaritzako Bizikidetza idazkariak «manifestazioekin soilik» ez dela Frantziaren
espetxe politika aldatuko esan du, eta esaterako ETA desegitea «lehenbailehen eta modu argian» egin beharreko urratsa da.
Herritarrak itxaropentsu. Mixel Berhokoirigoin bakegileak amaitu zuen Parisko ekitaldia: «Bakearen eraikitzea gatazkaren ondorioen tratatzea da» esan zuen, eta gaineratu zuen «egiazko bakea guztiak irabazle diren bakea» dela. Parisera joandako herritarrak ere pozik eta itxaropentsu itzuli dira. Euskal Herritik Pariseraino joaten egindako
900 kilometroak eta itzultzeko egindako beste horrenbestek mereziko dutelakoan daude. Itxaropentsu daude eman daitezkeen urratsekin.