EH Bilduk emendakinak jarri dizkio Lekeitioko Udal Gobernuaren 2018ko aurrekontu proposamenari
Urteko aurrekontuak, “derrigorrean”, ekitaldi horretarako ekintzen planifikazio bategaz egin behar dira Lekeitioko EH Bilduren ustetan. “Ezegokia eta okerra da aurrekontuak udal gobernuak diseinatzea, aurretiaz argi azaldu gabe arloz-arlo egingo dituen lan eta bultzatuko dituen politikak. Zabal landutako plangintza baten aurreikusi behar diren ekimen horiek guztiak aurrera eramateko baliabide ekonomikoak zehaztu behar lituzke aurrekontuak”.
Salatu dutenez, “plangintzak ez dira udal batzordeetan aurkeztu, eta ez dute batzorde horri dagokion aurrekontuaren berri eman ere”. Batzorde asko ez direla hilabeteetan deitu nabarmendu dute, eta batzordeak eztabaida eta informazio gune nagusiak izanik, arlo hori ez zaintzea “akats larria” dela esan dute parte hartzearen ikuspegitik.
Era berean, aurrekontua egiteko prozesuaren metodologia bera ere ez dutela argitu aitatu dute. Zenbat batzar eta zeintzuk foro erabiliko diren erabakiak hartzeko edo herritarren iradokizunak non landuko diren galderak erantzun barik gelditu direla esan dute. “Edozein parte hartze prozesutan, ezinbestean zaindu beharreko alderdiak dira ondokoak: parte hartzaileei azaldu zelan egingo zaien itzulpena, eta bere ekarpenak aintzat hartuak izango direla ziurtatzeko neurriak argiro azaldu hasieratik. Bestela, kontrako efektua lortzen da: ekarpena ezertarako izango ez denaren sentsazioa, eta, ondorioz, herritarren parte hartzeak ezertarako balio ez duela pentsatzea”.
Gardentasun gabezia. EH Bilduren esanetan, ez herritarrek ez eta oposizioak ere ez dituzte ezagutzen udalak arloz arlo bultzatuko dituen politikak ere: Zeintzuk helburu lortu nahi diren arlo bakoitzean, zeintzuk diren jomuga eta norabideak, noruntz gidatu nahi den herria, eta, beraz, zeintzuk tresna, baliabide edo egitura antolatu beharko lirateken horretarako. “Ariketa hauen berri ez da inon ageri. Eta, atera ditzakegun ondorioak bi dira: edo ez dela horrelako ariketarik egin lehentasun politikoen araberako ekonomiaren kudeaketa hutsera mugatuz, edo ez dela udalaren ekinbidea nondik joango den komunikatu”.
98.400 euroko partida aldaketa planteatu du Lekeitioko EH Bilduk
Muga ekonomiko zorrotzetan kudeatu behar izateak eragiten dituen zailtasunak ondo ezagutzen dituztela adierazi dute EH Bildukoek. Eta horregatik esan dute prest daudela herriaren norabide egokiena denen artean diseinatu eta egin beharreko ahaleginetan parte hartzeko. “Hori baita gure oposizioaren zentzua”.
Partida aldaketak. Azken urteetan egindako ahalegin ekonomikoari ezinbestean eutsi behar zaiola uste du EH Bilduk, are gehiago baliabide ekonomiko gehiago dagoen ekitaldi honetan. Gizarte ongizatea, garapena, berdintasuna, euskararen erabileraren bultzada eta normalkuntza, ingurugiro programak eta kultura ezinbesteko arloak direla diote herriaren eta herritarren garapenari begira.
Hala ere, aurrekontuan aurreikusitako partida batzuen gaineko aldaketak proposatu dituzte, guztira 98.400 euroko aldaketa da planteatu dutena. Hiri-Bideak partidatik (75.000 euro), IO zentroa eta turismo bulego partidatik (10.000 euro) eta Landa Garapena Santo Tomas Azoka partidatik (1.900 euro) kendu eta beste egitasmo batzuetara bideratzea proposatu dute: kirol taldeei dirulaguntza gehiago ematera (15.000 euro) eta joan-etorrietako dirulaguntzetara (1.000 euro), Udalbiltzara (10.000 euro), Gaindegiara (150 euro), Urriko Azokara (5.200 euro), Abaroa eremura (28.150 euro), Euskara batzordera (18.900 euro), Berdintasun Planera (2.000 euro), Iturriotz institutura (5.000 euro), Aratusteetara (1.500 euro).
Kanpoko enpresa eta bulego teknikoarentzat aurreikusi duten partidatik ere, 10.000 euro kendu, eta kopuru hori San Antolin jaietara eta San Pedroetara bideratzea planteatu dute.
“San Andres Auzoa berriztatzeko 2018an mailegua eskatu behar bada, eskatzen den momentutik ordaintzen hastea exijitzen dugu”
Bestalde, osoko bilkuran hartutako konpromisoa mantenduz, etxe hutsen OHZ (Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga) gehitu eta zenbateko hori etxebizitza politiketarako bideratzea eskatu dute. “Momentua dela uste dugu etxebizitza birgaitze zein etxebizitza arazoaren inguruko planak egiteko, horretarako beharrezkoak diren diru partidak ezarriz”.
Horrez gain, garaia dela ikusten dute AEKrentzat lokal berri bat egin edo lortzeko. Eta azkenik, San Andres auzoa berrizteagaz guztiz adoz badagoz ere, horretarako behar den kantitatea 2017 amaieran gelditzen den diru kopurua proiektu horretara bideratzea eskatu dute, bestelako diru loturarik egin barik. “Hala ere, 2018an mailegua eskatu behar bada, eskatzen den momentutik ordaintzen hastea exijitzen dugu, bai interesak bai eta amortizazioak ere, hurrengo urteetako aurrekontuak zein politikak ez baldintzatzeko”.