Unibertsitatez kanpoko Hezkuntza Publikoan ia 28.000 langile (irakasle, heziketa bereziko langile, sukaldari eta garbitzaile) eta Haurreskolak Partzuergoan 1.200 langiletik gora zeuden deituta gaurko grebara. ELA, LAB eta Steilasen arabera, deituta zeuden langileen
%75ak baino gehiagok egin dute bat grebagaz; %90ak haur eskoletan, %85ak heziketa berezian, %80ak sukalde eta garbiketan eta %75etik gora irakaslek. Hala, deialdiaren oihartzuna «aparta» izan dela esan dute.
CCOO eta UGT sindikatuek ere grebarako deia eginda zuten gaurkorako. CCOOren arabera,
%80-90eko oihartzuna izan du grebak, eta UGTk gaineratu du,
ia zentro guztiak itxita zeudela.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, berriz, grebaren jarraipenaren zifra apalagoa eman du:
%59,8.
Bilboko manifestazioa. Argazkia: Steilas
Eskatzen dituztenak. Grebagaz «hezkuntza inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzea, onartezinak diren behin-behinekotasun mailak eta gelako ikasle kopurua murriztea, eta soldatetan, ordezkapenetan, gaixoaldietan, erretiroan eta gainerako lan baldintzetan ezarritako murrizketak alde batera uztea» exijitu dute beste behin ere ELA, LAB eta Steilas sindikatuek.
Bestalde, «ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea, eta LOMCE eta Heziberri zein hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazioa eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea» ere aldarrikatu dute gaur.
Era berean, ohar bidez azaldu dute, Hezkuntza Sailburuak adierazitakoaren aurka, «milaka langile, ikasle eta familiek bere egiten dituzten aldarrikapenek hezkuntza sistemaren diagnostiko larri bati erantzuten» diela eta «premia larrienei irtenbideak eskaintzen» dizkietela.
Orain arte, baina, Eusko Jaurlaritzak proposamen horien inguruan «benetako negoziazio asmorik ez duela agertu» azaldu dute; «are gehiago, propagandaz bildurik plazaratu duen aurrekontu egitasmoak ez du egungo egoerari irtenbidea emateko inolako neurririk jasotzen».
Horrenbestez, Hezkuntza Sailak aldarrikapen horiei erantzungo dioten neurri zehatzak mahai gainean jartzen ez dituen bitartean, greba eta mobilizazio dinamika «indartu beste biderik ez daukatela» ohartarazi dute sindikatuek
Bilboko, Donostiako eta Gasteizko manifestazioetan egin dituzte aldarrikapenak.