2018ko udal aurrekontuen prozedura kritikatu du EH Bilduk
Plangintza errealak egitea ezinezkoa iruditzen zaio oposizioari, batzorde batzuk hilabeteetan deitu ez dituztenean. Partida aldaketak proposatu dituzteEH Bildu ez dator bat EAJk egindako udal aurrekontuen proposamenagaz. 2017ko aurrekontuetan gertatu b...
Plangintza errealak egitea ezinezkoa iruditzen zaio oposizioari, batzorde batzuk hilabeteetan deitu ez dituztenean. Partida aldaketak proposatu dituzte
EH Bildu ez dator bat EAJk egindako udal aurrekontuen proposamenagaz. 2017ko aurrekontuetan gertatu bezala, alde batetik, aurrekontuak egiteko prozesua bera kritikatu du oposizioak, euren iritziz ez delako parte hartzailea izan; bestalde, partida aldaketak proposatu ditu.Urteko aurrekontuak, «derrigorrean», ekitaldi horretarako ekintzen planifikazio bategaz egin behar dira Lekeitioko EH Bilduren ustetan. «Desegokia eta okerra da aurrekontuak udal gobernuak diseinatzea, arloz arlo egingo dituen lan eta bultzatuko dituen politikak aurretiaz argi azaldu barik».
Salatu dutenez, «plangintzak ez dira udal batzordeetan aurkeztu, eta gehienetan ez dute batzorde horri dagokion aurrekontuaren berri eman ere». Diotenez, batzorde asko ez dira hila- beteetan deitu, eta batzordeak eztabaida eta informazio gune nagusiak izanik, arlo hori ez zaintzea «akats larritzat» jo dute parte hartzearen ikuspegitik.
Era berean, aurrekontua egiteko prozesuaren metodologia bera ere ez dutela argitu aitatu dute. Zenbat batzar eta zeintzuk foro erabiliko diren erabakiak hartzeko edo herritarren iradokizunak non landuko diren galderak erantzun barik gelditu direla esan dute. «Edozein parte hartze prozesutan, ezinbestean zaindu beharreko alderdiak dira ondokoak: parte hartzaileei azaldu zelan egingo zaien itzulpena, eta bere ekarpenak aintzat hartuak izango direla ziurtatzeko neurriak argiro azaldu hasieratik. Bestela, kontrako efektua lortzen da: ekarpena ezertarako izango ez denaren sentsazioa, eta, ondorioz, herritarren parte hartzeak ezertarako balio ez duela pentsatzea».
Partida aldaketak
Azken urteetan egindako ahalegin ekonomikoari ezinbestean eutsi behar zaiola uste du EH Bilduk, are gehiago baliabide ekonomiko gehiago dagoen ekitaldi honetan. Gizarte ongizatea, garapena, berdintasuna, euskararen erabileraren bultzada eta normalkuntza, ingurugiro programak eta kultura ezinbesteko arloak direla diote, herriaren eta herritarren garapenari begira.
Hala ere, aurrekontuan aurreikusitako partida batzuen gaineko aldaketak proposatu dituzte, guztira 98.400 euroko aldaketa da planteatu dutena, hain zuzen. Hiri-Bideak partidatik 75.000 euro, IO zentroa eta turismo bulego partidatik 10.000 euro eta Landa Garapena San Tomas Azoka partidatik 1.900 euro kendu eta beste egitasmo batzuetara bideratzea proposatu dute: kirol taldeei diru laguntza gehiago ematera 15.000 euro eta joan-etorrietako diru laguntzetara 1.000 euro, Udalbiltzara 10.000 euro, Gaindegiara 150 euro, Urriko Azokara 5.200 euro, Abaroa eremura 28.150 euro, Euskara Batzordera 18.900 euro, Berdintasun Planera 2.000 euro, Iturriotz institutura 5.000 euro eta Aratusteetara 1.500 euro.
Kanpoko enpresa eta bulego teknikoarentzat aurreikusi duten partidatik ere, 10.000 euro kendu, eta kopuru hori San Antolin jaietara eta sanpedroetara bideratzea planteatu dute.
Bestetik, osoko bilkuran hartutako konpromisoa mantenduz, etxe hutsen Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHZ) gehitu eta zenbateko hori etxebizitza politiketarako bideratzea eskatu dute. Horrez gain, AEKrentzat lokal berri bat egin edo lortzeko garaia dela uste dute. Eta azkenik, San Andres auzoa berrizteagaz guztiz ados badaude ere, horretarako behar dena 2017aren amaieran gelditzen den diru kopurutik bideratzea eskatu dute, bestelako diru loturarik egin barik. «Hala eta guztiz ere, 2018an mailegua eskatu behar izanez gero, eskatzen den momentutik ordaintzen hastea exijitzen dugu, bai interesak bai eta amortizazioak ere». Hurrengo urteetako aurrekontuak zein politikak baldintzatzea ez zaiela bidezkoa iruditzen esan dute.