Gabon kanten entsegua egingo dute Ispasterren
Aurten ere abenduaren 24an Gabon Kantak abestera aterako dira ispastertarrak, eta saioa behar bezala prestatzeko entsegua egingo dute domeka arratsaldean [abenduak 17]. 19:00etan jarri dute ordua Iñigo Egiluz aretoan.
Jakitera eman dutenez, domekan bertan biltzen direnen artean erabakiko dute entsegu gehiago egingo duten ala ez, eta egitekoan noiz egingo duten.
Hala, Ispasterko Udaletik zein Kultura eta jai batzordetik domeka arratsaldeko entseguan parte hartzera animatu dituzte udalerriko ume, gazte zein nagusiak.
Abenduaren 24ean 15:30ean elkartuko dira plazan, eta jarraian, ohiturari eutsiz auzorik auzo ibiliko dira gabon kantak abesten. Hain zuzen ere, Olentzero etorri bitartean egingo dute erronda, eta gero kantuan emango diote ondoetorria plazan Olentzerori.
Elkartasuna. Azken urteetan legez, batutako dirua ekimen solidario batera bideratuko dute. Iker dezagun iktusa lemapean garuna kaltetzen duen gaixotasun honen inguruan informatu, sentsibilizatu eta dirua biltzeko EITBren elkartasun maratoirako izango da biltzen duten dirua–EITBk ikerketarako emango du dirua–.
Adituek emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 6.000 iktus kasu ematen dira urtean, eta 1.400 pertsona hiltzen dira horren ondorioz urtero. Emakumeen heriotzen lehenengo kausa da, eta ezintasunen kausa nagusia eta dementziaren bigarrena.
Osakidetzan egiten den iktusari buruzko ikerketaren barruan, une honetan 37 proiektu eta azterketa kliniko daude martxan, 560.000 eurotik gorako hainbat urterako finantzaketarekin.