Asteburuko partidu bereziena
Mutriku Futbol Taldeko neskek jokatuko dute. Zapatuan 16:00etan Debako Amaikak Bat taldea jasoko dute San Migelen. Mutrikuarrak seigarrenak dira sailkapenean eta debarrak, ostera, bosgarrenak puntu bat gehiagorekin. Neurketa bizia izatea aurreikusten da, debarrek lehen itzulian etxean jaso zuten porrotari buelta eman nahiko baitiote; 0-4 irabazi zuten mutrikuarrek lehen itzuliko partidua.
Mutriku Futbol Taldeko mutilek mailako talde indartsuenetako bati egingo diete bisita zapatuan. Pasaiaren aurka jokatuko dute 16:30ean, Don Bosco zelai berrituan. Etxeko azken partidua galduta, garaipenaren bidera itzultzen saiatuko dira Igor Elezgarairenak.
Artibaik eta
Lekeitiok 17:00etan jokatuko dituzte euren partiduak, biek etxean. Markina-xemeindarrek Etxebarri B hartuko dute Barroetan, eta iragan asteburuan Zornotzan lortutako puntua ona egiten ahaleginduko dira.
Lekeitiarrek ere antzeko zeregina edukiko dute. Gallartan lortutako puntua ona egitea San Ignacioren aurka.
Artibaik beheko postuetatik aldentzea du helburu eta Lekeitiok berriz igoera postuetara hurbiltzea.
Berriatuko FT-ren azken hamaikakoa. Argazkia: Leartigol
Zapatuan jokatuko duen azken taldea
Berriatuko izango da, 17:30ean Bilboko Aitxarte zelaian. Ez dute irteera erraza berdeek, sailkapenean bosgarren tokian dagoen Loiola Indautxuren aurka jokatuko baitute.
Berriatuarrek bost partida daramatzate golik sartu gabe, Ezkurdiren aurka irabazi zuten azken partidutik hain zuzen, azaroaren 5ean.
Aurrera Kirol Elkartea izango da domekan jokatuko duen talde bakarra. Azken bi neurketak irabazita sailkapenean gora egiteko gogoagaz daude Ibon Lopezen mutilak. Domekan 12:00etan jokatuko dute Ibaiondon eta irabaziz gero aurrea hartuko diete deriotarrei.