Mutriku eta Deba arteko
GI-638 errepideko hobekuntza lanak egitekorakoan bidegorri bat egiteko eskatuko du bihar [urtarrilak 10] Gipuzkoako Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran Podemos-Ahal Dugu alderdiko Patricia Gete batzarkideak. Alderdi horrek errepidea hobetzeko egin behar dituzten lanak baliatuz
txirrindularientzako bidegorri bat eraikitzeko eskatu du.
Errepidearen hobekuntzekin batera bidegorria ere egitea eskatuko dute bihar.
Getek ohar baten bidez gogora ekarri du Mutriku eta Deba arteko bidegorria
Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Arloko Planaren baitan idatzi zen dokumentuan agertzen dela. Dokumentu hori 2013an sinatu zen eta alderdi moreko batzarkideak lan horiek egiteko momentua orain dela esan du. Plan horrek Gipuzkoako herrien artean motorrik gabeko ibilgailuen bidez
mugikortasuna bermatzea du helburu, sare zabal baten bitartez. Sare horren bitartez herrialdeko eskualde guztiak eta herri jendetsuenak elkarrekin lotu nahi dira. Bestalde, gaineratu dute agintaldi honetan bidegorrien
sarea ez dela nahi haina hazi, eta geldialdian dagoela. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa sailak bidegorriak eraikitzeko duen interes faltari egotzi diote geldialdi hori.
Gipuzkoako Podemos-Ahal Dugutik esan dute errepidea hobetzeko lanak egitean Batzar Nagusiek erabaki bezala
oinezkoentzako pasealekua ere egin behar dela.