Batzar Nagusietan gaur [urtarrilak 10] egin den bilkurako bigarren puntua izan da
GI-638 errepideko bidegorriari buruzkoa, eta bertan hainbat herritar, talde zein alderdik egindako bidegorriaren proposamena landu da.
Proiektuak ez zuen bidegorria egitea aurreikusten, baina alegazioei jaramon eginez, Batzar Nagusiek bidegorria egiteko eskatu diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, aho batez.
Iñaki Egibar EAJko batzarkideak azaldu du jeltzaleen iritzia Batzar Nagusietako bilkuran. Egibarrek argi utzi nahi izan du lanen helburua zein den: «Mutriku-Deba errepidea hobetzea da
helburu nagusia, zirkulazio erosoagoa eta baldintza seguruagoak ezarriz, mutrikuarren eskaerari erantzun emanez, herritarrek sarbide duina izan dezaten udalerrira». Baina aitortu du
bidegorria ere egin beharrekoa dela eta pozik agertu da proposamen horrek jaso duen babesarekin: «EAJ-PNV batzarkide taldea onartutako proposamenak jaso duen babes zabalagatik pozik da», esan du.
Iñaki Egibar gaur egindako bilkuran. Argazkia: EAJ
Mutrikuko EH Bildutik esan dute EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk adostutako ekimenari esker, eta bizikleta zaleen elkarteen bultzadarekin lortu dela proposamena gaurko batzarrera eramatea. Proposamena onartuta, Gipuzkoako Batzar Nagusiek
Foru Aldundiari ofizialki eskatu diote Mutriku-Deba errepidean egingo diren hobekuntza lanak baliatuz eta ahal den zatietan bidegorri bat egitea. Bidegorria egiteko
Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde-Plan Sektorialak proposatutako ibilbidea jarraitzea eskatu dute Batzar Nagusiek. Horrez gain, bidegorria txirrindulari eta oinezkoen erabilpenerako izatea ere adostu dute;
orografiari lotutako bidegorria egitea onartu dute alderdi guztiek.
Egibarrek bidegorria eraikitzeak dakartzan
zailtasunak azpimarratu nahi izan ditu gaur goizeko bileran: «edukiko dituen 2.410 metroetatik 540 metro oinezkoentzako bidea ere izango den itsasorantz ateratako bide batean egingo dira (hauetatik 240 metro hondartzaren gainetik eta beste 110 metro kostaldeko lerroari jarraituz), beste 100 metro hormetan oinarrituta egingo dira, 1.170 metrotan lurraren gainean egingo dira, 360 metrotan dagoeneko badauden baina utzita dauden bide zatiak berrerabiliko dira eta 240 metrotan ez da egitekorik egongo dagoeneko badagoelako oinezkoen bidea.
Mutriku eta Deba batzen dituen GI-638 errepidea.
Mutrikuko EH Bilduko zinegotziek
pozgarritzat jo dute bidegorria egitea onartzearen albistea: «berri pozgarria da dudarik gabe Mutrikurentzat. Beti ez, baina batzuetan
indarrak batuta, goiko instituzioetan harturiko erabakiak alda daitezke eta ezinezkoa posible bihurtu». Gainerako alegazioen kasuan ere, Foru Aldundiak
jarrera irekiz jokatzea eta kontuan hartzea eta babestea ere eskatu du Mutrikuko EH Bilduk, berritze-lanek kaltetutako
herritarren interesak defendatzea ere oso garrantzitsua dela iritzita.
Ministeritzan. Egibarrek proiektua Espainiako Sustapen Ministerioarekin lantzerakoan izandako arazoak azpimarratu nahi izan zituen atzokoan. «Bereziki
Ondarbeltz hondartzan proiektuak izango duen eragina argudiatzeko unean izan dira arazoak». Arazoa, hain zuzen ere, itsaso gainean eraikitzea aurreikusten diren 2,80 metroko hegalak eta hondartzan bertan eraiki beharreko 5,50 metroko hegalak gutxieneko eragina izango zutela argudiatzean iritsi ziren.