1,1 milioi euroko aurrekontua onartu du Etxebarriko Udalak, aho batez
Inbertsioen ataleko kopuru nagusia frontoiko berrantolaketa obrara bideratuko dute. Gizarte zerbitzu, euskara eta kulturako partidak iazko antzekoak izango dira2017ko azken osoko bilkuran onartuta geratu zen 2018rako Etxebarriko Udalak edukiko duen aur...
Inbertsioen ataleko kopuru nagusia frontoiko berrantolaketa obrara bideratuko dute. Gizarte zerbitzu, euskara eta kulturako partidak iazko antzekoak izango dira
2017ko azken osoko bilkuran onartuta geratu zen 2018rako Etxebarriko Udalak edukiko duen aurrekontua. Udalbatzak 1. 114.791 euroko sarrera-gastuen aurrekontuari eman zion onespena, aho batez. Aurreko urteetako aurrekontuen antzekoa da aurtengoa, iazkoa 1.173.524 eurokoa izan zen.Gizarte zerbitzuei dagokienez, iaz aurrekontuan sartutako partidak egondako eskariari aurre egiteko nahikoak izan zirela azaldu du Jesus Iriondo alkateak, eta, beraz, aurtengorako bere horretan mantendu dituzte. Horrela, etxebizitzen alokairua dinamizatzeko abian jarri zuten egitasmoa berdin mantenduko dute. Bestalde, ume jaioberrien familiei laguntzeko ematen duten kopurua handitu egin dutela zehaztu du alkateak, «ume gehi- ago jaio dira eta». Bide beretik, umeak Etxebarriko Haurreskolan dituzten familientzako diru laguntza mantenduko dute.
Auzo taxi zerbitzuagaz ere jarraitu egingo du Etxebarriko Udalak. «Garraio publiko zerbitzu murritza daukagu, eta autorik ez duenari mugitzeko aukera ematea da asmoa». Egitasmoak herritarren onespena izan duela gaineratu du.
Taldeak diruz laguntzeko, jaietarako zein kultur ekintzak antolatzeko edo euskarara bideratutako partidak ere iazko antzerakoak izango dira.
Inbertsioak
Aurrekontuaren %20 erabiliko da aurten inbertsio errealetarako, 224.291 euro, hain zuzen ere, eta kopuruaren gehiengoa hiru proiektu gauzatzera bideratuko dute: frontoiko berrantolaketa obrara (120.000 euro), baserri-bideak konpontzera eta kaleak asfaltatzera (50.000 euro) eta Erbera kalea eta Belaots inguruko aparkalekuak berrantolatzera (50.000 euro).
Obra luzeena eta nagusiena frontoikoa izango da. Frontoia birmoldatu eta kirolerako eta aisialdirako erabilera anitzeko gune bihurtu nahi dute, eta alkateak jakitera eman duenez, proiektua lantzen ari dira, eta datozen asteetan amaitzea dute asmoa. «Aste Santuko idi probak amaituaz batera lanak hasteko moduan egotea nahi dugu, urtearen amaierarako amaituta egoteko».
Bestalde, Erbera kaleko zati bat (Olaia paretik Irubidera bitartean dagoena) oinezkoentzako bide bihurtuko dute, eta Olaia ondoko espaloia luzatu. Aldaketa hori egin ahal izateko, orain arte handik sartzen ziren Altzibar auzoko bizilagunentzako sarrera eta irteera berria prestatuko dituzte. «Ibaun-Erdikoei ere irteera egokituko diegu».
Horrez gain, Altzibar auzoko aparkalekuak eta Belaots etxeen parekoak ere berrantolatuko dituzte. «Azpian gas biltegi bat daukan berdegune bat dago auzoaren erdian, eta hori egokitu eta aparkalekuak gehitzea da asmoa». Horretarako, proposamen bat prestatu eta auzokideekin batzartuko direla aitatu du alkateak.
Belaots inguruko aparkalekuei dagokienez, berriz, gaur egun zuzen dauden aparkalekuak trabes jarri nahi dituzte, lorategiari zati bat kenduta. «Gaur egun zazpi aparkaleku daude, eta, aldaketagaz, hamalau geldituko lirateke». Bestalde, urtero bezala, baserri bideak konpontzen jarraituko dute.
Iaz ez bezala, Etxebarriko EH Bilduk onespena eman die 2018ko aurrekontuei. Aurtengo proiektuetan eurak proposatutako eta aurrera begirako zenbait proiektu txertatzea lortu dutela nabarmendu dute. «EH Bilduren hauteskunde programan adierazi bezala, frontoiko gunea birmoldatuko da, kirolerako eta aisialdirako erabilera anitzeko gune bezala erabiltzeko, eta Belaots gunean dagoen aparkaleku gabeziari behingoz irtenbide bat emango diogu».
Horrez gain, herriko zerbitzuen gida bat ere egingo dela azaldu dute. «Izan ere, herri bizi bat izateko bertoko komertzio eta produktuak balorean jartzea ezinbestekoa dela uste dugu».
Puntu beltza
Aurtengo aurrekontuak onartu badituzte ere, gabezia nabarmen bat dutela azpimarratu nahi izan dute: eskola berriarekiko konpromisorik eza. Gai horri buruz 2017an egin den kudeaketa kritikatu dute, aldaketa puntuala atzeratuz eta atzeratuz joan dela esanez. «2018ra begira ere, EAJk ez du nahi izan aurrekontuetako euro bat bideratzerik ere, aldaketa puntuala ez dela gauzatu aitzakiatzat erabilita».