Naturan umeak aske hezten
2017-2018 ikasturtean jarri dute martxan Txantxilikota Basoeskola. Gaur gaurkoz, 2 eta 4 urte bitarteko lau ume daude. Astelehenetik eguaztenera bazkalordura arte egoten dira bidelagunekin.Txantxilikota baso eskolan lau umegaz hasi dute 2017-2018 ikast...
2017-2018 ikasturtean jarri dute martxan Txantxilikota Basoeskola. Gaur gaurkoz, 2 eta 4 urte bitarteko lau ume daude. Astelehenetik eguaztenera bazkalordura arte egoten dira bidelagunekin.
Txantxilikota baso eskolan lau umegaz hasi dute 2017-2018 ikasturtea. Lea-Artibai eta inguruko umeei naturan eta euren berezko erritmoan hazteko aukera eskaintzeko sortu dute. Basoan kokatzen den eskola da, umeak batez ere naturan libre hazteko.Baso eskola posible izateko elkarte bezala eratu dira. Proiektuan gurasoak, bi bidelagun eta 2 urtetik 4 urtera arteko lau ume daude momentuz. Baso eskolen pedagogia umearen garapen osoa eta naturala bermatzean datza, horretarako hiru oinarri ditu: naturan ibiltzea, berezko erritmo naturala errespetatzea eta jolas librean oinarritzea.
Umeak osotasunean errespetatzen dira, euren berezko erritmoa errespetatzen dute, baldintza gabeko maitasuna eskaintzen zaie, eta segurtasunezko giro emozionala ziurtatu, mugarik, zigorrik eta saririk gabe, «arrisku aktiboak kontuan hartuta». Berezko jolas askea lantzen dute. Hau da, egituratu gabea, eta, diotenez, hori ezinbestekoa da umearen garapen fisi- ko, intelektual eta sozio-emozionalerako. Umeen tresna jolasa da, eta bidelagunek ez dute ekintzarik proposatzen; ahalik-eta esku hartze gutxien dute euren jolas prozesuan. Bidelagunak izatea ez da haurrak heztea: harremana norabide bikoa da.
Landare, arbola, txori eta animaliekin batera, naturaz gozatzen dute. Gorputza askatasunean erabiltzen dute, motrizitate fina eta mardula naturalki landuz. Jakin-mina esperimentazioaren bidez asetzen dute, eta arriskuen balorazioa eurek egiten dute. Umeei balio erantsi bat eskaintzen dietela argi dute proiektua sortu duten gurasoek.
Europa iparraldetik dator baso eskolen eredua. Danimarkan sortu zen Europako lehenengo naturako haur eskola, eta, gaur egun, 200-300 artean daude. Alemanian 1.000 baso-eskola baino gehiago dira; Europa Iparraldean gero-eta gehiago dira hezkuntza sisteman ofizialean dauden baso eskolak. Euskal Herrian ere badaude, Plisti-Plasta eta Orbela, adibidez .
Erritmoa errespetatuz
Umeak euren iniziatiba bultzatu eta berezko erritmoa errespetatuko duen ereduan ikasteko aukera ematen dute baso eskolek, sormena garatuz eta auto-estima indartuz, taldean lan eginez eta komunikatuz. Era berean, natura eta inguruagaz erres- petuzko harremana izango duten pertsonak izan eta beraien berezko gaitasunak ahalik-eta gehien lantzeko helburua dute.
Txantxilikotako umeek Garazi Agirre Garate eta Olaia Larruzea Sanchez bidelagunekin pasatzen dituzte goizak. Umeak arriskuetatik babesten dituzte, baina ahalik-eta esku hartze txikienagaz, umeen berezko prozesua errespetatu eta babestuz. Zentzu horretan, ez dira ohiko hezitzaileak, eta ez dute irakasle eginkizunik betetzen, umearen prozesu naturala lagundu baizik. Erosketa karro bat dute gauzak gordetzeko, eta horregaz hara eta hona ibiltzen dira. Beharrezko guztia dute bertan.
Elkartzeko lekuan euriari eta hotzari aurre egiteko prestatutako arropak jantzi eta asanblada egiten dute. Zelan dauden eta zer eguraldi dagoen galdetzen diete umeei, «errutinak». Jarraian nora joan nahi duten adosten dute denen artean.
Jolasak, ipuinak, kantak…, ez dute aspertzeko astirik. «Asko asko da jolas librea; euren irudimena lantzeko euren kabuz uzten ditugu». Esaterako, Gabonen aurretik Gabonetako zuhaitz bat sortu zuten hostokoekin, eta, beste behin, indioetara jolasten ibili ziren. «Aurreko batean Alainek kutxa handi bat ekarri zuen, eta piraten altxorren kutxa izan zen, eta horren harira irten zen dena: mapa, seinaleak… piraten goiza izan zen». Ez dituzte ohiko jolasak; natura bera da jolasa: Hostoak, ur putzuak, egurra…
«Beste momentu oso polita ipuinen unea da. Denen artean sortzen dute ipuina. Ipuina jolas libreari bukaera ematea da, denok borobilean. Ipuina bukatuta denok pixka bat lurra hartu, eta etxera bueltatzen gara».
Larruzeak Haur Hezkuntza ikasi du, eta baso eskolako formakuntza iazko maiatzean amaitu zuen Donostian, Philip Bruchner alemaniarragaz. «Oso interesgarria da. Ateak zabaltzen dizkizu. Irudimena da oinarria; hemen ez dago jostailurik, eta badaude; dena da jostailua, azken finean. Ez da arrunta, eta oso polita da hori. Eskolara zoaz, eta dena jostailuak dira, dena kolorea… estimulu gehiegi, beharbada. Zuk egiten duzu dena; irudimenetik sortzen da dena».
Agirrek Lehen Hezkuntza ikasi zuen, eta baso eskolen formakuntza intentsiboa egin zuen Madrilen Bruchnerregaz.
Irudimena beharrezkoa den zereginetan aritu dira biak ala biak. Larruzea antzerki irakaslea da 7-16 urte bitarteko umeekin, eta Agirre zirkuko tailerrak zein sormen tailerrak ematen ibilia da. Beraz, sormenagaz eta irudimenagaz lan egiten badute esperientzia, baina oraingoan hori naturan uztartzen dute, «beste espazio batean, askoz ere askeago». Aukera itzelak eskaintzen dituela diote: «Oso aberatsa da guretzat, izugarrizko plazerra».
Ideiak argi
Basoa aldatzen denez, jolaserako gauza ezberdinak eskaintzen ditu. «Hemen dauden gauzak bizirik egonda, horrek ekartzen duen dena da niretzat berezitasun handiena; zelako zaintza konpromisoa sentitzen duten gauzekiko. Estimulu hori aldakorra izatea ere identifikatu behar dute, adi daude; hau ez zegoen hemen, behatu zenbat adar… Haur eskolan plastikozko kubo koloretakoak beti egongo dira hor; ez dira lekuz edo formaz aldatuko. Eta ondo dago baita ere, hau ez da hori txarra da, eta hau ona da. Era ezberdinak dira». Ez dute ordutegi zehatzik, eta arau- ak dituzten arren, malgutasunez jokatzen dute; erabakiak, esaterako, taldean hartzen dituzte.
Proiektua sortu duten gurasoek aspalditik argi zuten euren seme-alabak bestelako hezkuntza metodolgia batean hezi nahi zituztela, eta Arabako Ozaeta herrian dagoen Plista-Plasta baso eskola ezagutu zutenean ez zuten zalantzarik izan: «Gogoa bageneukan, eta konbentzimendua ere bai, beraz, martxan hasi ginen. Baso eskolarena ezagutu genuenean, asko gustatu zitzaigun. Inguruko proiektuetatik gehien sentitu genuena izan zen; umeek naturan eta euren prozesu naturala errespetatuta elkarrekin egoteko aukera edukitzea, eta hala hazi ahal izatea oso garrantzitsua da», zehaztu du Ainara Aldazabalek.
6 urtera arte berez sistemak ez du eskatzen umeak eskolatzea. «Tarte horregaz jokatu dugu, gure umeak oraindik txikiak direlako, eta badakigu urte batzutako tartea daukagula. Orduan guk ikusten genuena zen ofizializatzeko modu errazena, eskuragarriena eta aurtengo ikasturtean martxan jartzeko elkarte baten bidez zela».
Alaine Garitagoitia da gurasoetako bat, eta baso eskolen formakuntza burutu zuen Bruchnerregaz Madrilen. Atxondotik etortzen dira Ziortza-Bolibarrera. «Argi genuen gure umea baso eskolara joatea gura genuela. Formakuntza eginda neukan, eta, gero, haurdun geratu nintzenean esan genuen, ‘ume hau baso eskola batera joango da’».
Ziortzako monasterioko fraileek utzi diete etxola, eta emandako laguntza eskertu dute: «Hasieratik gure proiektuarekiko izugarrizko sentsibilitatea agertu dute. Erraztasun denak eman dizkigute. Edozer entzuteko eta eskaintzeko prest daude beti. Bizikidetza oso ona daukagu. Eurak pozik daude, honi bizitasuna ematen diogulako», adierazi du Maider Urionaguenak. Orain bi urtetik Bolibarren bizi da, eta Aldabazal Markina-Xemeinen, eta bazekiten aspaldian ermitau bat bizi zela bertan.
Txabolan hobekuntzaren bat egiteko asmoa dute, baina txabola oso baldintza onetan dago: «Zorte handia eduki dugu. Baso batean txabola bat baldintza onetan topatzea oso gaitza da». Umeen gela basoa da, eta etxola babeslekua da; eguraldi makurra dagoenean egoteko lekua. Argindarra du, bai eta sukaldetxoa, komuna eta dutxa ere.
Baso eskolak ezagutzen ez dituzten askoren kezka edo beldur nagusia batez ere eguraldiagatik izaten da. «Esan izan digute zelan egongo dira urte guztian basoan, edukiko duzue etxe bat edo zerbait. Basoan daude, prestatuta daudelako; ekipatuta daude. Arropa aproposa dute euritarako, hotzerako eta denerako».
Halaber, gurasoei sortzen zai- en zalantza da umeak basoan jolasten libre egon ostean 6 urtegaz ohiko eskolara zelan egokituko diren. «Baso eskola gehien dagoen lekua Alemania da, eta han egindako ikerketa batek dio baso eskoletan ibilitako umeek arreta jartzeko gaitasun handiagoa dutela, eta oso ondo egokitzen direla. Euren beharrak asetuta egon direnez, ikasketarako, jesarrita egoteko eta lasai egoteko momentua heltzean gai dira, eta oso ondo moldatzen dira», zehaztu du Garitagoitiak.
Zientziaren ikuspuntua
Bruchnerrek oso «ikuspuntu zientifikoa» duela dio: «Dena oinarritzen du zientziaren ikuspuntutik. Horrek segurtasuna eman zidan. Umeek mugimendua behar dute, eta horregatik jolastu behar dute basoan. Neurozientziak egindako ikerketak sartzen ditu. 6 urtera arte umeek behar dute jolastu, mugimendua behar dute, hori delako euren garunek eskatzen dutena. Hortik ematen da garapena eta ikasketa. Gela batean geldi edukitzen baduzu mozten zabiltza bere berezko garapen hori, mugatzen zelanbait, eta gero hiperaktibitatea eta halako arazoak sortzen dira. Uzten badiozu mugitzen mugituko da bere beharretik; geldirik egon behar duenean, geldi egongo da».
«Proiektu honek duen polita da prozesu natural bat dela. Dena pausoz pauso, umeen eta norberaren beharrizanen arabera doa. Prozesu naturala da, naturan, bere zikloekin eta errespetuagaz», dio Urionaguenak.
Umeak, gurasoak eta bidelagunak ondo moldatu dira, oso pozik daude, eta ilusioz ekin diote proiektuari. Beste edozein eskoletan moduan, ikasturte hasieran egokitzapena egin zuten, ume bakoitzaren «erritmoa bereziki errespetatuz», eta taldearen dinamika ez apurtzen saiatuz. «Eurak gustura ikusten ditugunez, gu ere gustura gaude».