San Andres auzoko bizilagunek urriaren 21ean auzoa berriztatzeko aukeratutako proiektuari bere onespena eman dio Lekeitioko Udal Gobernu Batzordeak gaur [urtarrilak 12] egindako bilkuran. Atzo [urtarrilak 11] aurkeztu zieten auzokideei egitasmoa, haien iritziak zuzenean jasotzeko.
Proiektuagaz, hobekuntza orokorra posible egingo duen urbanizazio obrak burutu ahal izango direla azpimarratu du udalak, “eta irisgarritasun falta, inguruarekiko konexio traketsa eta urbanizazio zaharkituak saihestu”. San Andres auzoa hobetzeko,
1,8 milioi euro inguruko inbertsioa egingo du udalak.
San Andres auzoa zelan geldituko litzateken erakusten duen irudia. Argazkia: Lekeitioko Udala
Udalak jakinarazi duenez, proiektua martitzenean [urtarrilak 16] argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean eta 20 laneguneko epea irekiko da iradokizunak eta alegazioak jasotzeko. “Herritarren esku jarriko da beraz, proiektuaren txostena, interesatuek berau azter dezaten eta komenigarritzat jotzen dituzten iradokizun eta proposamenak aurkezteko”. Udaletxean bertan edota espreski sortu den
sanandres@lekeitio.eus helbide elektronikora bidali daitezke iradokizun zein proposamenak, eta nahi duenak
Lekeitioko Udalaren web orrialdean edo Lekeitioko Udaleko Bulego Orokorrean izango du ikusgai.
San Andres auzoko proiektuaren beste irudi bat. Argazkia: Lekeitioko Udala
Guztira, hamar hilabeteko obra izango dela aurreikusten du udalak, eta udaberrirako hastea dute asmoa.
HONEKIN LOTUTA: