Juanita Zelaia etxebarritarrak udaleko eta aldundiko ordezkarien bisita jaso du 100. urtebetetze egunean

Egun berezia dute gaur [urtarrilak 13] Etxebarrian. Juanita Zelaia halako egun batez jaio zen orain mende bat, eta Etxebarriko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek zorionik beroenak eman nahi izan dizkiote herritar guztien izenean. 11:30ean gerturatu dira Zelaiaren bizileku Ibarlotza baserrira Jesus Iriondo alkatea, Mari Karmen Bustindui eta Idoia Odriozola gizarte zerbitzuetako zinegotziak eta aldundiko gizarte ekintzako ordezkariak, Isabel Sanchez Robles foru diputatua buru zela. Etxeko atarian aurkitu dute Zelaia, irribartsu.

Juanita Zelaia etxebarritarra, 100. urtebetetze egunean

Juanita Zelaia etxebarritarra, 100. urtebetetze egunean

Jesus Iriondo alkateak Izan zarelako gara, eta garelako izango dira esaera idatzita daraman zeramikazko ontzi dotore bat eta lore sorta eder bat eman dizkio herritar guztien izenean. Eta esaera horrek Ibarlotza baserrian zentzu zabala daukala esan du, bertan bizi baitira herriko gazteena eta herriko nagusiena. “Gauza ederra da adin horregaz zauden modura egotea”, esan dio alkateak. Isabel Sanchez Robles foru diputatuaren eskutik jaso du Juanitak bigarren lore sorta ederra, eta horrez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak 100 urte edo gehiago betetzen dituztenei oparitzen dien Jesus Lizaso basauritar eskultore ospetsuaren litografia original bat eman dio. “Litografia polit honek ama edo aita bat irudikatzen du, bere seme-alabak babesten, eta alkateak esan bezala, irudi honek beste inon baino zentzu handiagoa dauka etxe honetan”, adierazi du Sanchezek.

“Eskerrik asko”. Pozik eta hunkituta, horrelaxe egon da Juanita gaur goizeko bisitagaz: “Herritar guztiei eskerrak eman nahi dizkiet nik, gaur hona  niri zorionak ematera etortzeagatik”.

Bihar, domekero legez, nagusien lokalera jaitsiko da Juanita, eta han ere zorionik beroenak eta eskerrak emango dizkiote lagun eta senideek, 100 urte ez direlako egunero betetzen eta den modukoa izateagatik.

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

CAPTCHA Image

*

Send this to friend