Atarian da eskuz binakako
2018ko Laboral Kutxa Emakume Master Cup Txapelketa, emakumeen esku-pilotako txapelketarik garrantzitsuena. Hil honen amaieran hasiko da norgehiagoka, eta lehenengo kanporaketak Gasteizen jokatuko dira, ondo bidean, Mendizorrotza Kirol Esparruan. Hurrengoak, berriz, Bizkaira datoz, eta aukeratutako hiru frontoien artean egongo da estreinako
Markina-Xemeingoa; beste biak Larrabetzu eta Santurtzi izango dira.
Ondoren, Gipuzkoara egingo du salto txapelketak. Txapelketaren antolakuntzak hala egitea erabaki du, nahita, emakumezkoen esku pilotak Gipuzkoan hartu duen indarra (txapelketan, eta txapelketagatik beragatik, hein handi batean), metatu, saritu eta erakusteko. Hori horrela, finalerdiak Oñatin jokatuko dira, eta finalak, Eibarko Astelena mitikoan.
Arrizabalaga, Etxaniz eta Aldai pilotariak txapelketaren aurkezpenean. Argazkia: Emakume Master Cup
Etxebarriko pilotaria. Pilotarien artean egongo dela baieztatu du
Leire Etxaniz etxebarritarrak. Etxaniz, Gautegiz-Arteagako Olatz Arrizabalagaz batera, iazko eskuz binakako Elite mailako txapelduna izan zen. Pilotari etxebarritarrak, eskuz binakakoa ez ezik, lau eta erdiko banakako txapela ere jantzi zuen abenduan.
Bi mailatan. Txapelketaren antolakuntzak azaldu duenez, iazko Lehenengo maila eta Elite maila berrizendatu egin dira aurtengo txapelketarako, gizonezkoentzat erabiltzen diren mailen izendapenekin parekatzeko, hain zuzen ere. Horrela gauzak, iazko Lehenengo maila, aurten Promozio-maila izango da; eta Elite maila, hau da, maila gorena, Lehen maila. Beraz, bi mailatan jokatuko da txapelketa:
Promozio-maila eta Lehen maila. Gorengo mailan ariko da, aurten ere, Leire Etxaniz.
Txapelketarako izen-ematea zabalik dago, datorren barikura arte [urtarrilak 19],
Emakume Master Cup-aren web-orriaren bidez. Antolakuntzak gogora ekarri duenez, Promozio-mailarako, bikoteak eman behar du izena. “Lehen mailarako, ordea, izen-ematea banaka egin behar da, antolakuntzak egingo baititu bikoteak”.
Sailkapen fasea urtarrilean, otsailean eta martxoan jokatuko da, eta finalerdiak eta finala zehaztear daude. Izen ematea amaituta joango da txapelketaren antolakuntza datak zehazten.