Atzo [urtarrilak 14] hasi zen jokoan Lekeitioko trinketean,
XIII. Beteranoen Eskuz Binakako Txapelketa. Hasieratik erakutsi dute parte hartzaileek, aurtengo txapelketa ere lehiatua izango dela. Hala, hiru partida dotore ikusteko aukera egon zen atzokoan.
Pradera mallabiarra eta
Gandiaga berriatuarra 30 eta 25 nagusitu ziren
Kaltzakorta gizaburuagarraren eta
Arrate lekeitiarraren kontra jokatu zuten goizeko lehenengo partida ikusgarrian. Galtzaileak aurretik ibili ziren lehen hamarrekoan, joko gehiago erakutsiz. Baina Praderak sakea berreskuratu eta aukera aprobetxatzen jakin zuen. Pilota bizia atera eta errebotera teilatu gainetik bidaliz, takada ederra egitea lortu zuen, 20 eta 10 jartzea lortu zuelarik. Kaltzakortak eta Arratek ez zuten etzi, eta abantaila murrizten joan ziren apurka-apurka bi eta hiru tantora jarriz. Azkenerantz gauzak estutu arren, euren indarraz baliatuz, ligaxkako lehen puntua eskuratu zuten Praderak eta Gandiagak.
Foster eta Jaunarena, Kalzakorta epailea eta Telleria eta Conde atzo goizean Lekeitioko trinketean. Argazkia: Beteranoen Txapelketa
Astigarraga jaun eta jabe. Bigarren norgehiagokarako Laka falta zenez, Arratek hartu zuen bere lekua, eta naiz eta hasieran oreka mantendu, txapelketako beteranoena, 64 urteko Astigarraga debarra jaun eta jabe izan zen. Hala,
Astigarragak (Deba) eta
Egañak (Mendaro) 30 eta 17 irabazi zieten
Moral eta Arrate lekeitiarrei. Astigarragaren sake neurtuak eta esker aireko erremateak izan ziren gakoa, eta galtzaileek ez zuten gehiago egiteko aukerarik eduki. Gainera, Arratek, jauzi baten ondoren, eskumako atzamar lodia bihurtu zuen, eta hurrengo kanporaketarako baja izan daitekela esan dute antolatzaileek.
Telleria (Mallabia) eta
Conde (Elgoibar), iazko txapeldunek, ez zuten arazorik eduki goizeko hirugarren partida aurrera ateratzeko. Telleriak bere jokoa egin zuen, sakez edo errestoagaz, eta
Jaunarena (Garzaron) nafarrak bere efektu eta joko politagaz aurrean nahasten ahaleginak egin arren, ez zuen aurre egiterik lortu. Gainera, Conde sendo ibili zen atzean, eta
Foster (Lekeitio) ahal zuen modura defendatzen. Beraz, azkenean markagailua 30 eta 13an gelditu zen Telleria eta Conderen alde.
Bigarren jardunaldia. Ligaxkak aurrera egingo du datorren domekan [urtarrilak 21] eta beste lau partida ikusteko aukera egongo da Lekeitioko trinketean 09:30ean hasita:
- 09:30ean: Kaltzakorta-Arrate eta Beraza-Etxebarria. Partida polita eta orekatua izan daitekeela aurreikusten dute antolatzaileek. “Partida polita ikusi ahalko dugu. Aurrelariak tantoak bukatzekoak ditugu eta atzelariak fisiko ona eta seguru jokatzen dutenak dira”.
- 10:30ean: Astigarraga-Egaña eta Telleria-Conde. Iazko finaleko bikote biak aurkituko dira aurrez aurre, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, aurten ere dema horretan egoteko asmoa daukate bikote bi horiek. “Telleriak apurtu dezake oreka, baina Egaña bere indarragaz baliatuz, zailtasunak jartzen saiatuko da Conderi. Astigarraga, berriz, sasoi onean dago, eta partida luzatu barik arin amaitzen saiatuko da”.
- 11:00: Telleria-Conde eta Moral-Laka. Telleriak eta Condek hurrengo domekan jokatu ezin dutenez, egun berdinean partida bi jokatu beharko dutela azaldu dute antolatzaileek. Hala, neke horri etekina ateratzen saiatuko direla diote Moral lekeitiarrak eta Laka mendexarra. “Atzera jokatuz eta eurentzako lehen puntua lortzen saiatuko dira”.
- 11:45ean: Moral-Laka eta Jaunarena-Foster. Eguneko partida orekatuena izan daiteke antolatzaileen ustez, eta aurrean joko nahasi eta biziena ikusi ahalko dena. “Aurrelari biak artistak ditugu eta trinketeko trikimailu guztiak erabiliko dituzte euren aldeko emaitza lortzeko”.