Amankomunazgoak 0-2 eta 2-6 urte bitarteko umeen gurasoei zuzendutako formakuntza saioak eskainiko ditu
Lea-Artibai Amankomunazgoko Gizarte Zerbitzuek 0-2 eta 2-6 urte bitarteko umeen gurasoei edota hazkundean prestatzeko interesa dutenei zuzendutako Internet bidezko formakuntza saioak eskainiko ditu, doan; saioek Ikasi hezteko izenburua daukate. Interesa dutenek otsailaren 20a baino lehen izena eman behar dute, Amankomunazgora deituta (94-616 90 78) edo posta elektronikoa idatzita (prebentzioa@lea-artibai.org).
Aurreratu dutenez, gutxi gorabehera ikastaroek hiru hileko iraupena edukiko dute, eta gurasoek lehentasuna edukiko dute. “Ordubeteko bi saio aurrez aurrekoak izango dira, eta gainerakoak Internet bidez eskainiko dira”. Saioak Etxadiko psikologoek eskainiko dituzte, EHUren laguntzagaz.
Ikasturtea gainditu ahal izateko, familia bakoitzak gutxi gorabehera 90 ordu teoriko-praktiko egin beharko ditu. Gaiak ondokoak izango dira: Familia bizitzaren antolakuntza, Psikologia garapenaren ezagutza, Psikologia garapenaren estimulazioa eta Hazkuntza klabeak.
Hizkuntzari dagokionez, euskaraz zein gaztelaniaz egin ahalko direla esan dute.
Gehienez ere 25 familiak parte hartu ahalko dute. “Familia gehiagok izena ematen badute, aukeraketa bat egin beharko da”.