Suntsipenaren osteko berreraikuntza dakar Akerbeltz Bertso Txapelketak
Antzezpena eta bertsolaritza uztartzen dituen urtarrileko bertso saio berezia egongo da zapatuan Markina-Xemeingo gaztetxean. 22:00etan hasiko da saioaHirugarren Mundu Gerrak utzitako hondamendiaren ostean, berreraikitzen hasteko garaia heldu da. Beste...
Antzezpena eta bertsolaritza uztartzen dituen urtarrileko bertso saio berezia egongo da zapatuan Markina-Xemeingo gaztetxean. 22:00etan hasiko da saioa
Hirugarren Mundu Gerrak utzitako hondamendiaren ostean, berreraikitzen hasteko garaia heldu da. Beste herriak bezala, Markina-Xemein apurtuta dago guztiz, eta udala eraikin ezberdinak konpontzen hasi da. Akerbeltz gaztetxearen eraikina ere txikituta dagoenez, bertan zer egin erabaki behar dute. Jende ezberdinak eskatu du lur hori bere egitasmoak aurrera eramateko; zeinentzako izango den erabakiko dute zapatuan, Akerbeltz gaztetxearen 10. Bertso Txapelketan.Urtero bezala, gaztetxea guztiz eraldatuko du Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak urtarrilero antolatzen duen bertso saio berezirako. Bertso Indusketa aukeratu dute aurten gaitzat, eta Akerbeltz zegoen lurretan euren proiektua aurrera eraman nahi dutenak izango dira bertsolariak. Gaztetxea, berriz, bilkura areto bihurtuko da, eta bertan bilduko dira guztiak, bakoitzaren egitasmoa bertsotan defendatzeko.
Posible bada oraindik ere, asanbladako kidez eta inguruko batzuez osatutako lantaldeak eginahalak egin ditu hamargarren txapelketa oraindik ere bereziago egiteko, eta, beraz, orain arteko parte hartze handiena edukiko du saioak. Hala, gaiari lotutako sei taldetan banatuta, hamabi bertsolari igoko dira gaztetxeko oholtzara. «Hamar urte hauetako saio askotan kantatu dutenak bildu nahi izan ditugu», azaldu dute.
Ohiko ariketez gainera, beste era batekoei ere aurre egin beharko diete bertsolariek, hori da eta Akerbeltz txapelketaren beste berezitasunetako bat, eta oraingoan ere, proban jarriko dituzte bertsolariak. Horien ondoan, beste hiru pertsonaia egongo dira: batzarra eroateaz arduratuko den udaletxeko arduraduna, ziborg bat eta Arantza Adi, gune horretan aurretik egon zenaren garrantzia azpimarratuko duen Aranzadiko kidea.
Sarrerak Patxuan
22:00etan hasiko da txapelketa, baina ohi den modura, afaria eskainiko dute 20:30ean gaztetxean, girotzen hasteko. Afariko txartelak Patxua tabernan besterik ez direla gelditzen jakitera eman dute antolatzaileek, eta gaur izango da azken eguna eskuratu ahal izateko.
Afariaz eta saioaz gozatu nahi dutenek 7 eurotan izango dituzte txartelak, bakarrik saiora joan nahi dutenek, berriz, 21:30ean aurkituko dute gaztetxeko txarteldegia zabalik; 3 euro balioko ditu sarrerak.