Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturaleko Sailak azaldu duenez, urtarrilean abiarazi duten proiektu pilotuak garbiguneek eskaintzen duten
zerbitzua hobetzen lagunduko du. Markina-Xemeingo garbiguneaz gain, ondoko herrietan ere egiten ari dira proba: Durango, Getxo, Mungia eta Santurtzi. Proba hiru hilabetez luzatuko dela argitu dute.
Zehatz esateko, datuak bilduko dituen webgune bati konektatutako
gailu elektronikoen erabileran oinarritzen da esperientzia pilotua. Horri esker, ondoko datuak bilduko dituzte: erabiltzaile mota, sartzeko ordutegiak eta erabileraren maiztasuna, jasotako hondakin kopurua eta mota. “Proba pilotuari esker, garbiguneak zuzentzeko araudia egokia den egiaztatuko da, eta instalazio horietan ematen den zerbitzua hobetzen lagunduko duen informazioa eskuratuko dugu”.
Elena Unzueta diputatua, proba pilotua aurkezten. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia.
Lehenengo garbigunea. 1997an Basaurin jarri zen martxan lehenengo garbigunea. Ordutik hona garbiguneek bilakaera eta hanzkundea eduki dutela-eta, kudeaketa neurri gehiago ezartzeko beharra sortu dela diote. “Herritarren zerbitzura gaude, eta, ondorioz, ahalik eta ahalegin handiena egin behar dugu eskaintzen ditugun zerbitzuek kalitate altuena edukitzeko. Helburu horrek teknologia berriak txertatzea eta egiteko modu berriak ezartzea dakar”, dio Elena Unzueta Iraunkotasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatuak.
Ondokoak dira proiektu pilotuaren “berehalako” helburuak:
- Garbigunera sartzen diren erabiltzaile motaren informazioa jasotzea. “Instalazioak publiko objektiboarekin bat datorren egiaztatu ahalko da”.
- Sartzeko ohiko ordutegia zein den ezagutu eta garbiguneen erabileraren maitasuna finkatzea, eskaeragaz bat datorren zehazteko.
- Jasotako hondakinen sarrera kontrolatzea.
- Hondakin motaren berehalako erregistroa edukitzea. “Hala, egun onartzen diren hondakinen zerrenda zabaltzea beharrezkoa den edo ez jakingo da”.
- Egungo araudia egokia den egiaztatzea.
Proba pilotuaren harira, garbiguneetako langileek hiru hilabete hauetan
erabiltzaileei ze hondakin mota utziko duten
galdetu eta nortasun agiri txartela ere eskatuko dietela aurreratu dute. “Garbiguneetako irteerak ere erregistratu egingo dituzte”.
Hiru hilabeteak pasatu eta gero, sistema lurraldeko gainerako garbiguneetara zabaltzea aztertuko dutela esan dute.