Gaur goizean [otsailak 2] egin du elkarretaratzea
LAB sindikatuak supermerkatuaren aurrean
langile baten kaleratzea salatzeko eta bertan bildu direnek
prekarietatearekin amaitzeko eta langilea berronartzeko eskatu dute. Esan dutenez, “kaleratutako langilea bajan zegoen aste batzuetan lesio bat zela medio, eta lanera itzuli behar zuenean
kaleratze gutuna eman zioten”. “Enpresako zuzendaritzak, maltzurki eta gezurretan oinarrituz kaleratze disziplinario baten bitartez kaleratu zuen langilea, inongo kalte-ordainik ordaindu gabe”.
Sindikatuak esan du egoera horren aurrean
salaketa jarri zuela, eta enpresak kaleratzea atzera bota eta
adiskidetze saiakera bat ere egin zuela. Baina
saiakera hori antzua izan zen; “enpresak ez zuen onartu langilea bere postura itzultzea”. Hori dela eta esan dute otsailaren 21ean
epaiketa egongo dela Eibarko auzitegian.
LAB sindikatuak deitutako elkarretaratzea.
Salatu dute Mutrikuko supermerkatuan gertatutako kaleratzea
ez dela bakarra izan Gipuzkoan. Gaineratu dute Dia enpresak ez dituela
langileen eskubideak errespetatzen: “langileak kaleratzen ditu, lanaldi murrizketak, bajak eta oporrak ez dituzte ordezko langileekin betetzen, etengabeko ordutegi aldaketak inposatzen ditu, dendarik dendako etengabeko lekualdaketak eta gehiegizko lanaldiak inposatzen ditu, miseriazko soldatak ordaintzen ditu eta ez dituzte errespetatzen lan osasunaren alorreko langileen eskubideak; baja hartzen duenak, esaterako, kaleratua izateko arriskua dauka”.
Deba aldeko LAB sindikatuko kideek gehitu dute “bere eskubideak egikaritu besterik egin ez dituen
emakume langile bat kaleratu dutela ikusirik” ez daudela prest herrietan
“jarrera zapaltzaileak” ontzat emateko.Langile kaleratua
berriz ere onartzeko eskatu ziote zuzendaritzari eta horrela egin ezean “epaitegietan ez ezik kalean ere aurrean” izango dituztela gogora ekarri dute.