Kilometroak ez dira hurbiltasunaren lagun onak izaten. Urruntasunak hoztasuna ekarri ohi du kilometro horiek osatzen duten hariaren bi muturretan. 1918 urte esanguratsua izan zen Euskal Herriarentzat; besteak beste, Euskaltzaindia eratu zen, edota gripearen eraginez 15.000 euskaldun hil ziren.
100 urte beteko dira aurten Juan de Etxebarria Zurikaldai margolari bilbotarrak oihal batean Ondarroako irudi bat margotu zuenetik. 1918 eta 1919 urteetan egin zuen. Ordutik hona, leiho bat zabaldu zen, artelana zegoen lekutik Ondarroa ikusteko.
Merienda vasca en Ondarroa deitu zion Etxebarriak lanari. Etxebarria 1875eko apirilaren 14an jaio zen Bilbon.
Faubismo estiloko margolaria zen. Parisen egin zituen ikasketak,
Cezanneren eta Gauguinen jarraitzaileen postinpresionismo garaian. Baina izen ospetsu eta artelan ezagunen artean tartetxo bat egin zuen.
Merienda Vasca en Ondarroa koadroa. Argazkia: Reina Sofia museoa
Egilearen obraren barruan
ohikotasuna apurtzen duen lana da
Merienda vasca en Ondarroa. Lan nahikoa berezia da. Izan ere, Etxebarriak normalean izadi hilak eta erretratuak edota Espainia sakonaren paisaiak margotzen zituen. Dena dela, baditu baita ere
Euskal Herriko zenbait paisaia, eta Ondarroari eskainitakoa da ezagunetariko bat.
Ez zituen bere lanak saldu edo erakusten. 1915etik aurrera, halere, zenbait erakusketetan parte hartzen hasi zen Euskal Artisten Elkartearen baitan.
Margolanaren paisaiak
Ondarroa erakusten du. Hamar pertsona agertzen dira, adin desberdinetakoak. Margolanaren erdialdean, ostera, zuriz jantzita eta lotan dagoen haur bat ikusi daiteke, beharbada bere amona denaren besoetan; amonaren irudiak sinbolismo handia zeukan euskal kulturan, eta indar handia eduki zuen XX. mendearen hasieran, etxeko oinarri gisa. Haurraren ezkerreko aldean
aitona ikusten da, eta haren atzealdean, berriz,
neska gazte bat. Aipatutako lau pertsonak dira artelanean indarrik gehien daukatenak. Atzerago ageri diren bi pertsonek ere karga sinboliko handia daukate: eskuman dagoen
emakumeak azpil bat dauka eskuetan, eta ezkerreko gizonak, ostera, arraun bat eusten du.
Sinbolismoak herriagaz ere badauka zerikusia. Ondarroa beti izan da arrantzari lotutako herria, eta arraunak ziren garai hartan herritar askok itsasora ateratzeko zeukaten modua. Horrez gain, mahaia zerbitzatzen
emakume bat egotea edo
gizonak izatea ardoa edaten ari direnak garaiko gizarteak zeukan eredu patriarkala erakusten du.
Etxebarria izan zen tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka behin eta berriz aldarrikatu zuen margolari euskaldunik ospetsuenetakoa.
Bigarren planoan Ondarroa ikusten da. Paisaia ez dago zehaztasun handiz margotuta, baina erraz ezagutu daiteke Ondarroako herria. Adituen esanetan, lana kolore hotzekin egindakoa da, berde eta horiak nagusiki, lekuko geografiaren koloreen erakusle.
Bi planoen arteko kontrastea begibistakoa da, nekazaritza munduaren artean eta garaiko gizarte modernoaren artean. Kontraste hori izan zen egilearen gai nagusienetako bat. Etxebarria izan zen
tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka behin eta berriz aldarrikatu zuen margolari euskaldunik ospetsuenetakoa.
Madrilgo (Espainia) Reina Sofia museoa. Argazkia: Reina Sofia museoa
Familiaren garrantzia. Etxebarria ez zen izan euskaldun familia eta jan-edana artelan batera eraman zituen margolari bakarra. Valentin de Zubiaurrek ere margotu zituen
Bertsolariak, Euskal Familia, Familia batuta edo Nire herrikide batzuk lanak, Etxebarriaren lanagaz zerikusi handia dutenak.
Margolari bilbotarraren xedea ohitura eta modernismoa uztartuko dituen abangoardia sortzea zen; adituek diotenez, ez dago zehazterik ea lortu ote zuen. 56 urtegaz zendu zen, bere lanaren gailurrera iristen ari zela. Artearen modernismoa bilatzen ari zen, eta bere heriotzak erreferente baten galera ekarri zuen, garaiko kultura munduan atsekabe handia sortuz. Etxebarriak leiho bat zabaldu zuen bere lanagaz, bi ikuspuntu eskaintzen dituen begiratokia: alde batetik, Madriletik Ondarroa ikusi daiteke, eta, bestetik, ondarrutarrek beraiek euren arbasoak herrian bertan nola bizi ziren ikusi dezakete. Badago ia 500 kilometrotik etxea gertu sentitzerik eta atzera begiratzerik. Aukera guzti horiek ematen ditu
Merienda Vasca en Ondarroa artelana Madrilen ikusteak. Orain dela 100 urte margotua, baina gaurkotasunik ia galdu gabea, horrelakoxea da lana.
Juan de Etxebarriak ez zeukan lotura zuzenik Ondarroagaz, baina herria agertzen den lanik ezagunenetako bat utzi zuen margotuta betirako. Gainera, bere obra guztiko lan garrantzitsuenetakoa bihurtu da urteak igaro ahala.
Ondarroa