Nire lankide batek eta biok gure lantokira laguntza eske hurbildu den neska batekin hitz egiten geunden. Berak, esaten zigunaren arabera, bere burua maite zituen pertsona batzuen eta gure instituzioaren arteko liskarretan murgilduta ikusteari beldur zion. Gure instituzioa dezente denbora pertsona hauei eskarmentu bat emateko aukeraren zain zegoen, eta emakume gazte honen testigantza horretarako ezinbestekoa zen. Hala eta guztiz ere nire lankideak zera erantzun zion neskari: «Egon lasai, badakigu batzuetan arrazoia izatea baino garrantzitsuagoak diren gauzak daudela».
Erantzun honek egunero edozein tabernatan aurki dezakegun hainbat egoera ekarri dizkit burura; nola arrazoia nork duen zehaztea bilatzen duten eztabaida oparo entzuten ditugun eta beste hainbatetan parte hartzen dugun. Etxeko esparruan, familien artean edota bikoteetan ematen diren ohiko harremanak ere gogorarazi dizkit. Lantzen geunden gaia zein zen ia ahaztuta, batak zer esan duen edo zer esan ez duen argitzeko ahotsak gero eta tonu ozenagoa hartzen duten momentuetakoa.
Esate baterako, joan den astean lagun bat izan genuen gurean egun batzuetarako bisitan. Gurekin zegoen bigarren gauean, afaltzen geundela, nire arreta deitu zuen zeinen garrantzitsua zen berarentzat une oro arrazoia edukitzea, aipatu zizkigun zenbait pasadizoren arabera, bere ama guztiz minduta eta lotsatuta uzteraino.
Arrazoia edukitzeko behar hau nondik datorkigun jakin nahiko nuke. Nola arrazoia izateari hainbesterainoko garrantzia ematera heldu garen, bidean galtzen denari erreparatu gabe: elkarrekin sortzen duguna, alegia. Beti nire iritzia zuzenena dela erakutsi behar badut ez diot batetik besteek gaiaren inguruan esateko daukatenari erreparatuko; gutxienez, ez nire iritziarekin zer ikusirik ez duten heinean. Hartara, ez ditut merezi duten kontuarekin entzungo, nik esan edo uste dudanarentzat eraso, oztopo edo laguntza bat badira zaindu behar baitut.
Bestetik, batera egiten ari garena nire energien helmuga bakarra ez bada, garrantzitsuenetakoa behintzat izan beharko litzatekeela ahaztuko dut. Hau da, nik, nire iritziarekin arrazoia izan ala ez, azken finean elkarrekin aurrera nola egiten dugun giza prozesu guztietarako berebizikoena dela gogoratu beharko didate.
Azkenik, eztabaida bero eta mingarri baten ostean, nik arrazoia nuela aitortzen badidate ere, bihar, etzi edo gaur bertan, baina munduko beste toki batean, gauzak aldatu zitezkeela kontuan izan behar da. Hau da, arrazoia edukitze hori ez dela inoiz unibertsala.
Beraz, emaidazu arrazoia honetan, irakurle, eta eten ditzagun arrazoia edukitzearen aldeko borrokak.