Ondarroako Aurrera Kirol Elkarteak eta Mutrikuko mutilen eta nesken taldeek lortu dute bakarrik garaipena asteburuan jokatutako jardunaldian.
Aurrerak 3-0 hartu zuen mendean Galdakao, jardunaldia hasi baino lehen ondarrutarrek baino puntu bat gehiago zeukan taldea. Ibon Lopezen mutilak nagusi izan ziren partidu osoan eta etxeko zaletuei garaipen polita eskaini ahal izan zieten etxeko azken hiru neurketak ezin irabazita ibili eta gero.
Julen Fernandezek zabaldu zuen markagailua, eta neurketaren azken hatsean
Iraitzek eta Manuk borobildu zuten markagailua. Partiduaren atsedenaldian
Iñigo Martinez Athleticeko jokalaria Aurrerako ohorezko bazkide izendatu zuten.
Aurrerak zelairatutako hamaikakoa. Argazkia: Erik Osa/Leartigol
Mutriku Futbol Taldearentzat asteburu borobila izan zen;
Mutilek eta neskek garaipenak lortu zituzten. Mutilek 1-3 hartu zuten mendean Errenteriako Touring taldea. Sailkapenean azkenak dira Oreretakoak eta nagusitasunez irabazi zuten mutrikuarrek.
Gorka Zafra, Mikel Arrizabalaga eta Ion Landa izan ziren golegileak. Neskek ere irabazi egin zioten Aloña Mendi taldeari San Migelen, 2-1.
Ane Alberdi eta Jone Antsotegi izan ziren golegileak. Liderrarengandik hiru puntura daude orain, hirugarren postuan.
Lekeitio Futbol Taldeak banako berdinketa lortu zuen Otxarkoagaren aurka. Ez zuten partidu erraza Mikel Badiolaren mutilek, bilbotarrek lekeitiarrek baino bakarrik hiru puntu gutxiago zeukatelako sailkapenean.
Xanti Zumaranek sartu zuen puntu bat batzeko balio izan zien gola eta horri esker igoera postuak bi puntutara dauzkate bakarrik.
Asteburuko jipoirik handienak
Artibai Futbol Taldeak eta Berriatuko Futbol Taldeak jaso zuten. Biek 5-0 galdu zuten, markina-xemeindarrek Ermuan eta berriatuarrek Ugaon.
Artibaik 19 puntugaz jarraitzen du jaitsieratik bost puntura eta
Berriatukok, ostera, azken postuan, 8 puntugaz.