Larrialdi egoeretarako hodi malguak ipini dituzte
Bizilagunen eskariari erantzunez, Munitibarko zenbait lekutan suhiltzaileek erabiltzeko hodi malguak jarri dituzte.Azaldu dutenez, 25 bat metroko hodi malguak dira, eta auzo bakoitzean luzera desberdinekoak jarri dituzte, «ahalik eta etxe gehienetara ...
Azaldu dutenez, 25 bat metroko hodi malguak dira, eta auzo bakoitzean luzera desberdinekoak jarri dituzte, «ahalik eta etxe gehienetara heldu ahal izateko».
Suhiltzaileentzat badira ere, larrialdi egoeretan suhiltzaileak sutea izandako lekura heldu bitartean, auzotarrek ere erabili ahal izango dituzte.
Hodi malguen erabilera egokia bermatzeko ikastaroa emango dute zapatuan. Hala, Markina-Xemeingo suhiltzaile etxeko suhiltzaileek hodi malguak zelan erabili erakutsiko diete herritarrei; suhiltzaileak auzorik auzo ibiliko dira azalpenak ematen.
Uriona auzoan hasiko dira goizean, eta Gerrika, Totorika, Berreño, Aldaka eta Gerrikaitz auzoetan informazioa eman ondoren, herriko plazan amaituko dute ikastaroa.
Aldaka auzoan eta herriko plazan hodi malguak dauden armairuak erabiltzeko azalpenekin batera, hodi malguak konektatzeko ur hartuneen kokapena duen mapa ere banatuko dute.
Bestalde, udal ordezkariek herritarrekin egindako auzo batzarretan jasotako beste eskari bati ere erantzunez, auzo bideetan pilatutako zuhaitzen adarrak kentzen ari dira egunotan. «Herritarrek auzo bideen gainetik dauden zuhaitz adarrak mozteko premia zegoela adierazi ziguten iaz».
Bide bazterretik metro bat zabaleran eta 4,5 metro altueran libratuko dituztela jakitera eman dute. Aldakatik Astorkiganera arteko bidean, Totorikatik Gerrikarako bidean, Gontzugaraitik Gerrikarako bidean eta Gontzugaraitik Urionarainoko bidean ari dira lanean.