Atzo egin zuten bilera euskal kofradietako arduradunek Espainiak Euskal Herrian duen ordezkari
Javier De Andresekin eta Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkariordeekin, Covadonga Aldamiz-Etxebarria eta Jose Luis Herradorrekin hurrenez hurren. Ordezkariak arrantzaleei esan zien Espainiako Gobernuak badaukala asmoa Europan bazkide dituen
Frantzia eta Irlandarekin batzartzeko, hegaluzearen arrantza iraunkorra izateko.
Ezkerrean arrantza sektoreko ordezkariak eta eskuman Gobernuaren ordezkaritza. Argazkia: Espainiako Gobernua
Lehen aldia da halako batzar bat egingo dena,
euskal kofradiek eskatuta, beraien ustez “garrantzitsua delako Europar Batasuneko beste herrialdeekin ere harreman zuzena edukitzea arrantza kontuetan”. De Andresen eta arrantzaleen ordezkarien arteko batzarrean ikusi ahal izan zen Espainiak Brexitaren kontua dela garrantzia ematen diola bazkide gehiago edukitzeari, tartean arrantza kuoten aldaketak egiteko. Esaterako garrantzia handia eman zioten
Frantziarekin hegaluze eta atungorriaren kuotak zehazteari. Iaz, ontzi irlandarrak euskal portuetan euren arrantzuak lehorreratzen hasi zirenean egonezina sortu zen euskal arrantzaleen artean. Kontua da Irlanda orain
Brexitaren inguruko negoziaketetan bidelagun ona izan daitekeela, Erresuma Batuaren irteerak galdera asko uzten baititu airean
Gran Sol inguruan dabiltzan euskal ontzientzat.
Harremana sendotzea. Esan dutenez bilerak arrantzaleen ordezkarien eta estatuaren arteko
harremana indartzeko balio izan zuen, harreman estuagoa edukitzea beharrezkoa delako arazoak konpontzeko. Arazo horien artean, kuoten banaketa izan zen bat.
Bizkaiko eta Gipuzkoako kofradietako ordezkariek kuoten banaketa arrazoi batzun arabera egitea eskatu zuten, arrazoi historikoen arabera esaterako. Berdelaren eta txitxarroaren kasuan, adibidez, Galiziako ontzien mesedetan egin ziren kuota aldaketak, eta euskal arrantzaleek “kuotak transferitu aurretik galdetzea” eskatu zuten.
Iraunkortasuna bermatzeko, espezie batzuen kuoten transferentziak egitea ere beharrezkoa izango dela badakitela aitortu zuten.
Arlanpi eta Itoiz ontziak, Ondarroako portuan.
Beste arazoetako bat
deskarteak izan ziren., hain zuzen ere hegaluzearen eta atungorriaren arrantzan Europar Batasuneko beste ontzi batzuek egiten dituztenak, arrazoi desberdinak tarteko. Beraien esanetan,
euskal ontziek ia hutsera jaitsi dute deskarte kopurua. Egindako arrantzuen deklarazioak ere eztabaidarako gaia izan zen, beste estatu batzuetako banderadunek egiten dituztenak hain zuzen. Kofradien arduradunek eskatu zioten Javier de Andresi denbora jakin batetik behin informazio horri buruzko txostenen berri emateko.
Ondarroako Alturako Ekoizleen Elkarteko (
OPPAO) ordezkari Kiko Marinek ere
Beharrezko Lehorreratzea-ri buruz hitz egin zuen. Bere kezka azaldu zuen legedi horren aurrean, eta baita Brexitaren eta
belaunaldi berrien faltaren aurrean. Atun Izozkailu Ontzien Armadoreen Elkarte Nazionalaren (
ANABA) kezka nagusiak
Ozeano Indikoko piratek eragiten duten segurtasun falta eta hegal horidun hegaluzeen kuota azaroan amaitu izana izan ziren.