Udalak eta Azkue Ikastolak lurzoruaren erabilpena adostu dute
IES Lekeitio BHIgaz partekatuko dute lurzorua. Lekeitioko Udalak diru laguntza emango dio ikastolari, jarduera eta proiektua finantzatzeko. Bi hitzarmen sinatu dituzteAtea Eskolaren atzealdeko lurzoruaren zati bat utziko dio Lekeitioko Udalak R.M. Azku...
IES Lekeitio BHIgaz partekatuko dute lurzorua. Lekeitioko Udalak diru laguntza emango dio ikastolari, jarduera eta proiektua finantzatzeko. Bi hitzarmen sinatu dituzte
Atea Eskolaren atzealdeko lurzoruaren zati bat utziko dio Lekeitioko Udalak R.M. Azkue Ikastolari. Joan den astean sinatu zuten alde biek lurzoruaren erabilpenaren lagapenerako hitzarmena. Izan ere, ikastolaren hezkuntza proiektu berrian patio bat dago, eta horretarako beharrezkoa ikusten dute lur zati hori.Udalak jakitera eman duenez, gaur egun lurzoru horri lotuta dagoen eraikina, Atea Eskola, heziketa zikloak emateko erabiltzen du IES Lekeitio BHIk. Lursailak 250,16 metro koadro ditu, eta hemendik aurrera gunea partekatu egingo dute IES Lekeitiok eta Azkue ikastolak. «Bizkaiko Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzak bidalitako txostenaren arabera, lursaila erabiltzeak ez dio inolako kalterik eragiten Lekeitioko BHIren gaur egungo edo geroagoko irakaskuntza jarduerari», azaldu du udalak.
Diru laguntza
Udalak behar ez duen bitartean izango litzateke lagapena, eta, edozein kasutan, hezkuntzari lotutako erabilera izango du. Egokitzeko obrak ikastolak egin ditu; udalaren lurzoruak banatzen dituen hesia eta horma kendu eta bota ditu udalari ezelako kosturik eragin barik. Erabilera lagapena doan izango dela ere gaineratu du udalak.
Lurzoruaren erabilpenerako hitzarmena ez da, baina, udalak Azkuegaz sinatutako bakarra. Ikastolaren jarduera eta proiektuak finantzatzeko akordura ere heldu dira.
Udalari Udalkutxatik dagokion likidazioaren %0,825 Ikastolaren jarduera eta proiektuak finantzatzeko diru laguntza bat bideratzeko adostasuna hartu dute erakunde biek. Finantzatuko diren jarduerak oinarrizkoak eta ikasleen bizigarritasun, irisgarritasun zein segurtasuna bermatzeko izango dira. Ikastolak herriari egiten dion ekarpenak alor ezberdinak hartzen dituela azaldu du udalak: hezkuntza, kultura, ingurumen, kirol eta gizarte alorreko jarduerak.