Zesta-punta denboraldia hasi dute Mexikoko Frontoian
Anton Gandiaga markina-xemeindarrak eta Roke Alberdi gernikarrak debutatuko dute. Lau hilabeteko denboraldian 164 partidu eta 126 kiniela jokatuko dituzteAtzo zabaldu zituen ateak Mexikoko Frontoiak, eta eguenetan, zapatuetan eta domeketan zesta-punta ...
Anton Gandiaga markina-xemeindarrak eta Roke Alberdi gernikarrak debutatuko dute. Lau hilabeteko denboraldian 164 partidu eta 126 kiniela jokatuko dituzte
Atzo zabaldu zituen ateak Mexikoko Frontoiak, eta eguenetan, zapatuetan eta domeketan zesta-punta partiduez gozatzeko aukera egongo da bertan.Roke Alberdi gernikarrak, Anton Gandiaga markina-xemeindarrak eta Cosme Agirre zumai- arrak debutatuko dute, bai eta Mexiko Hiriko Esteban de Legarretak eta Mauricio Zapatak ere.
Hogei pilotari euskaldun eta hamahiru mexikar ariko dira kantxan euren onena emateko prest. Hala, esperientzia duten izen handiko pilotarien alboan ariko dira profesionaletan hasiberri direnak. «Koadro orekatua» itxi dutela zehaztu dute.
Kantxa zailenetakoan euren abilezia erakutsi beharko dute. Izan ere, 62 metroko frontoi horrek pilotarien bertuteak nabarmentzeko balio du, baina baita gabeziak agerian uzteko ere.
Lau hilabetez 164 partidu eta 126 kiniela lehiatuko dituzte Munduko frontoirik handienean. Era berean, hiru torneo jokatuko dira; tokiko bat eta nazioarteko bi. Nazioarteko torneoetako bat Fernando Diez Barroso Torneoa izango da.
Imanol Lopez puntista zumaiarraren parte hartzea nabarmendu dute. Mexikon bizi da gaur egun, eta denboraldia osatzen duten lau hilabeteak jokatuko ditu. Euskaldun gehienek, baina, bina hilabete egingo dituzte bertan, eta puntista mexikarrak, ostera, lau hilabetez ariko dira lehian.
Era berean, Iñaki Osa Goikoetxea zumaiarraren fitxaketa ere azpimarratu dute. Iaz ez zuen akordiorik lortu Mexikoko Frontoiagaz, eta aurten bi hilabetez egongo da aztekar hiriburuan. Eric Irastorza Baionako atzelaria ere Mexikon dago jada, eta Aimar Aldazabal berriatuarrak denboraldiko bigarren zatia lehiatuko du. Halaber, Olharan, Egiguren, Ekhi, Inza, Irastorza eta Etcheto puntista ezagunek ere jokatuko dute.
20 urtez itxita
Mexiko Hiriburuko Errepublika Plazan dagoen frontoia iaz zabaldu zuten berriro 20 urtez guztiz abandonatuta egon ondoren. Beraz, mexikar pilotazaleek bigarren denboraldia jarraian dute punta-puntako profesionalen jokoaz gozatzeko.