Irisgarritasuna bost minutu ete da?
Eskualdeko autobus sarea hankaz gora dabil azken asteotan. Bizkaibusek egindako aldaketek haserrea eragin dabe. Ondarrutarrak kexu dira goizeko lehenengo autobus bien irteera ordua 20 minutu atzeratu dabelako, gainera Markina-Xemeinen be itxoin egin behar dabe Lekittoko autobus erabiltzaileak igo bitartean. Autobusa darabilen Unibertsitateko ikasleak be kexu dira, Durangotik EHUra joaten dan autobusa galtzeko arriskua dauke eta, izan be, Markina-Xemeinen Lekittoko autobusaren zai egoteak atzerapena eragiten dau. Eta lekittarrak? Ba, lekittarrak be ez dagoz pozik. Markina-Xemeinen autobusa aldatu beharrari, aulki hotzera barriro, benetan amorragarria dala eretzita; hau dana Bilbora bost minutu arinago ailegateko, bost minutu baino ez!
Bestalde, Ondarroa-Lekeitio loturak ez dauko lehentasunik. Lekeitiotik Ondarroara joan beharra (Lanbidera esate baterako), ez da antza, lehentasunezko kontua, egunean 4 edo 5 autobus baino ez dabiz eta. Eskualdeko lotura bigarren mailako gaia, bazterturikoa. Ez hanka ez bururik!
Lekeitioko EH Bilduk eskaera aurkeztu dogu udaletxean, azalpenak eskatuz. Aldaketa traketson eta zentzu bakoon erantzukizuna norena izan dan jakin nahiko genduke. Udal gobernuak zelako kudeaketa egin daben zerbitzu aldaketa honetan, baita be eskualdeko beste herrietako udalekin harremanik egon dan.
Herritarren mesederako zentzuzko neurriak hartzea merezi dabela uste dogu, itxurakeria hutseko kudeaketa txarrean geratu barik.
–Miren Tere Aboitiz Erkiaga. Lekeitioko EH Bilduren izenean.