Lurgaia Fundazioak landaketak egingo ditu asteburuan, Undabason
Undabaso baso bihurtzen jarraitzeko helburuagazk, landaketak egiten jarraitzen du Lurgaia Fundazioak. Modu horretan, landaketak egiteko jardunaldiak antolatu ditu Ibarruriko Undabason astebururako; alegia, biharko eta domekarako.Landaketa horiek egitek...
Landaketa horiek egiteko laguntza eskatu dute fundaziokoek, boluntarioekin burutzen baitituzte lanok. Zapatuko jardunaldirako dagoeneko lekurik egon ez arren, domekarako boluntario eske dabiltza.
Aurreko jardunaldietan egin bezala, Undabason zuhaitzak eta zuhaixkak landatzeaz gain, beste ekintza batzuk ere egingo dituzte: anfibioentzako putzuak txukunduko dituzte, haritzen mintegi txikia prestatzen jarraituko dute eta zuhaitz zein zuhaixkei babesleak ipiniko dizkiete. Gainera, fundazioak laster erosiko dituen lurrak ikustera joango dira boluntarioak.
Bi eguneko jardunaldiak dira asteburuan egingo direnak, eta boluntarioak 09:30ean batuko dira Ibarruriko eliza ondoko aparkalekuan. Asmoa goiz osoa lanean jardutea bada ere, eguerdian hamaiketakoa egingo dute parte hartzaileek.
Oraingoan ere, Lurgaia Fundazioa arduratuko da material guztia eramateaz eta boluntarioei «gogoa» izatea eskatu die, baita ere goiza igarotzeko behar beste ur eta eguraldiaren araberako arropa egokia eramatea.
Bihar parte hartzeko lekurik egon ez arren, Lurgaiaren domekako jardunaldietan partu hartu nahi duten horiek izena eman behar dute, info@lurgaia.org helbide elektronikora mezu bat bidalita. Martxoaren 24an eta 25ean izango dira hurrengo jardunaldiak.