Ur botilakin egindako eraikuntzekin apaindu dute Lekeitioko Uribarren Abaroa egoitzako lorategia
Erabilitako ur botilakin egindako eraikuntza ezberdinak egon dira ikusgai gaur goizean [otsailak 24] Lekeitioko Uribarren Abaroa egoitzako atzealdeko lorategian. Era.bil.era programaren barruan Petball Park erakusketa antolatu du Arropaineko Arraguak.
Aste honetan ibili dira eraikuntzak sortzen Lekeitioko Eskolako, Azkue Ikastolako eta Iturriotz Institutuko ikasleak. Bi astetan botilak batzen ibili ostean, Arropaineko Arraguara joan dira eta eraikuntza teknikak praktikan jarri eta geometria ikasgaiak landu dituzte.
Aste barruan sortutako guztia ikusgai egon da gaur, egoitzako lorategian, eta egindako lanagaz gozatzeko aukera eduki dute ume eta nagusiek. Eraikuntza barruetan sartu dira asko, antolatzaileen laguntzagaz, eta egitura berriak eraikitzeko aukera ere eduki dute taldeka.
Ur botila handiak, txikiak, tapoiak eta pilotak erabilita kolorez betetako eraikuntzekin apaindu dute ingurunea. Antolatzaileek azaldu dutenez, birziklatzearen garrantziaz ere jabetu dira gazteak. Izan ere, bi astetan batu daitekeen botila kopuru handiaz konturatu dira. Oraingoan, baina, bizitza berria aurkitu diete.