Giza katearen inguruko aurkezpena egingo du Mutrikuko Gure Esku Dago-k
Mutrikuko herri dinamikako kideek jakitera eman dutenez, giza katea aurkeztuko dute zapatuan [martxoak 17] 12:00etatik aurrera Luardon egingo den ekitaldi berezi bezain xumean. Batzar zabala izango dela adierazi dute, eta herritar guztiak bertara gonbidatu dituzte, aurten burutuko diren ekintzak eta informazioa herritarren artean zabaltzeko.
Zehatz esanda, ekainaren 10ean Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako hiriburuak lotuko dituen 201,9 kilometroko giza kateari buruz ariko dira aurkezpen ekitaldian. Kilometroak eta guneak banatuta daude, eta Mutrikuarrek adierazi dutenez, 2 kilometro beteko dituzte herritik hurbil, Deba inguruetan. Egun horretarako, hain zuzen ere, kilometro horiek gutxienez, eskuz esku eta arrazoiez betetako zapiekin egongo diren 1.000 herritarrez betetzeko erronka jarria dute mutrikuarrek.
Giza katea aurkeztearekin batera, gainera, saretze kanpainari ere hasiera emango diete zapatuan. “Aurrerago ere giza katerako izen-emateko hainbat mahai ipiniko ditugu herrian zehar”. Bestalde,eta giza kate erraldoiaren eguna iritsi bitartean, beste data garrantzitsu bat ere egongo dela aurreratu dute: Klik eguna. “Herritarrak aktibatzeko eta motorrak berotzen hasteko ekintza potoloa izango da”.
Azkenik, giza katea antolatzera begira lagunduko duten herritarrak batzea ere nahi dute aurkezpenarekin. Izan ere, jende askoren laguntza beharko dute ekintza “behar den modura” prestatzeko. “Erronka oso potoloa da, eta horretarako laguntza asko behar dugu”.