Grebak Lehen Hezkuntzan izan du eragin handiena bertoko herrietan
Euskal gehiengo sindikalak grebara deitu ditu hezkuntza publikoko langileak, Eusko Jaurlaritzaren murrizketak salatzeko eta lan baldintzen hobekuntza eskatzekoBizkai, Araba eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen murrizketen...
Euskal gehiengo sindikalak grebara deitu ditu hezkuntza publikoko langileak, Eusko Jaurlaritzaren murrizketak salatzeko eta lan baldintzen hobekuntza eskatzeko
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako hezkuntza publikoan Eusko Jaurlaritzak ezarri dituen murrizketen aurka kalera atera dira Haurreskolak Patzuergoko, Hezkuntza Bereziko eta Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako irakasle eta sukaldeetako eta garbiketako langileak. Greba deialdiak Lehen Hezkuntzan izan du eraginik handiena Mutriku, Lea-Artibai eta Busturialdeko herrietan.Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan atzorako eta gaurko egin dute grebarako deia Steilas eta ELA sindikatuek. Aurretik ere egin dituzte mobilizazioak LAB sindikatugaz batera, baina, oraingoan, LABek ez ditu mobilizazioetara deitu haurreskoletako, garbiketako eta sukalde zerbitzuetako langileak, Jaurlaritzagaz akordioa lortu zuelako joan den astean.
«Hezkuntza publikoko langileon lan baldintzak eta berdintasunean eta kalitatean oinarritutako hezkuntza txanpon beraren aldeak dira», esanda grebarekiko jarrera argi utzi zuen Steilas sindikatuak. Eusko Jaurlaritzari urteetan inposatutako «murrizketen gutxitzea» eta «hezkuntza politika» errotik aldatzea eskatzen dio sindikatuak.
Hezkuntzako inbertsioa handitzea eskatzen die sindikatuek, baita ordezkoak lehen egunetik jartzea ere. Gainera, ikasle gehiago egon arren, irakasle kopuruak berbera izaten jarraitzen du, eta horren kexu dira. Sindikatuek zentroak egonkortu egin nahi dituzte, hamar irakasletik lau dira-eta behin-behinekoak.
Lea-Artibaiko sei eskola txikietatik lautan irakasleen %100ak egin du bat deialdiagaz, eta horietan irakasle bakarra egon zen atzo gutxieneko zerbitzua ematen. Biztanle gehiago dituzten herrietako ikastetxeetan ere, asko egon ziren greban. Lekeitioko eta Markina-Xemeingo ikastetxeetan, esaterako, irakasleen %82,2ak eta %84,2ak egin zuten greba. Gernika-Lumoko Allende Salazar ikastetxean, berriz, irakasleen %56ak eta hezitzaileen %100ak ez zuten lanik egin atzo.
Haurreskoletan igarri zen gutxien grebaren eragina. Adibidez, Markina-Xemeingoan eta Busturiakoan %50 egin zuen bat deialdiagaz. Beste guztietan ez zuten grebarik egin.
Institutuetan, bataz beste, irakasleen erdiak egin zuen greba.
Desadostasunak
Administrazioak erakutsitako jarrera salatu du beste behin ere Steilas sindikatuak: «Jarrera guztiz itxia izan da, eta gure ekarpenak entzuteko prestutasunik ez du agertu».
Astelehenean izan zuten Lan Legepeko Irakasle eta Hezitzaileen negoziaketa mahaia, baina ez ziren adostasunera iritsi sindikatuak; zazpigarren bilera izan zen.
Martxoaren lehenengo astean, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Sukalde eta Garbiketan eta LABek Haurreskoletan akordioak sinatu zituzten Jaurlaritza eta Patzuergoko zuzendaritzagaz. Gainera, Heziketa Bereziko bileran Jaurlaritzak proposatutakoari baiezkoa eman zioten LABek eta CCOOek. Hala ere, asteleheneko batzarrean ez sinatzea erabaki zuen LABek.
Ez sinatzearen erabakia azaltzeko, LABek gogorarazi zuen «prekarietate egoera» eta «feminizatua» pairatzen dutela langileek. «ELA eta Steilasek ordezkatzen duten %49ak ez du akordioa berresten gaur egun. Lan hitzarmenean aldaketak eragiteko, ezinbestean babes handiagoa behar da langileen ordezkarien partetik».
Hala ere, Steilas eta ELA sindikatuen jarrera gogor salatu zuen LABek astelehenean: «Langile askoren kaltetan akordioa bera arriskuan geratu da. Ez sinatzea erabaki dute, langileen beharretatik aldenduz eta beste interes batzuei erantzuten dion dinamika lehenetsiz».
Steilasek, bere aldetik, oinarrizkotzat jotzen zituen puntuak jasotzen ez zirela ikusita, ez sinatzea erabaki zuen. LABen jarreragaz ez zen ados agertu Steilas, eta negoziaketekin aurrera jarraitzeko «eragin negatibo» bezala deskribatu zuen gertatutakoa.
Bere aldetik, ELAk salatu du kasuan kasu, LAB, CCOO eta UGTk sinatutako akordioek ez dutela aurrerapausorik suposatzen: «Ez diete sektore hauetako egoera larrienei erantzuten, eta azken urteetan ezarritako murrizketak mantentzen dituzte». ELArentzat garrantzia berezia dute gaurko eta atzoko grebek: «Mobilizazioei eusteko gai bagara, gobernua proposamen berri eta hobeak mahai gainean jartzera behartuko dugu».
Gaurko mobilizazioak
Atzo eguerdian Legebiltzarretik Lakuara manifestazioa egin zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza zentroetako langileek. Gaur, hiriburuetan batuko dira. Bilbon Kale Nagusiko Jaurlaritzaren egoitzaren paretik 12:00etan irten, eta Arriagara joango dira. Donostian, Boulevardean batuko dira ordu berean.