Iazko denboraldian beste klub batzuek utzitako materialarekin jardun eta gero, aurten
material propioa izango du Mutriku Arraun Taldeak. Gaur [martxoak 17], hain zuzen ere, KAE 2 ligako estropadetan erabiliko duten trainerua ilusio handiz aurkeztu dute jendaurrean.
Denboraldi berriari ekiteko gogotsu aurkeztu dira nagusi mailako arraunlariak, eta traineru berriarekin oso pozik agertu dira. Azaldu dutenez, dagoeneko uretan probatu dute, euren neurrira ipintzeko moldaketa batzuk egin eta gero.
Mutriku Arruan Taldearen traineru berria
Gaurkoan uretan ordez, lehorrean ikusi dute herritarrek ontzi estreinatu berria. Eguerdian Beheko Plazara gerturatu diren herritarrek arraunlarien eskutik ezagutu dute ontzia. Jai giroan egin dute aurkezpena, eta nahi izan duenak taldeari bultzada emateko aukera paregabea izan du. Bertaratu direnek herriko kontserbak edo taldearen materiala erosi ahal izan dituzte. Horrez gainera, berdel errea dastatu eta herriko txakolinarekin eztarria bustitzeko aukera ere egon da. Bien bitartean, arraunlariek entrenatzeko erabiltzen dituzten ergometroak probatzen ibili dira hainbat herritar.
Nahi izan duenak, gainera, elkarteko bazkide egiteko aukera ere izan du. Horrekin batera traineruaren izena ere proposatu dute herritarrek. Izan ere,
traineruak oraingoz ez du izenik. Honako proposamenak egin dituzte herritarrek: Txaranbela, Intxirri, Kardala, Kristo zulo, Santa Karra, Geuria, Kalbaixo, Arno, TrabaƱarrua eta Singan, esate baterako.