Energia sektoreko alternatibez jardungo dute Lekeition
Lekeitioko EH Bilduk antolatuta, Energia sektorean alternatiba eraikiz. Goiener hitzaldia emango du Alberto Ugartek eguenean [martxoak 22], 19:00etan, kultur etxeko Azkue aretoan.
GoiEner Elkartea gaur egungo eredu energetikoa aldatzea helburu duen elkarte bat da. Sentsibilizazio- eta trebakuntza-lanak egiten ditu aurrezpen eta eraginkortasun energetikoaren arloan. Gainera, lankidetzan jarduten du helburu berdinak dituzten beste elkarte batzuekin.
Herritarrek energia elektrikoaren kontrola berreskuratu dezatela eta daukan garrantziaz ohartu daitezela nahi du GoiEner Elkarteak, horretarako, energiaren kontsumo arduratsua eta jasangarria bultzatuz, jatorri berriztagarriko energiaren eskaria sustatuz eta eredu energetiko berri baten alde lan eginez.
Norbere burujabetza osoaren bidean urrats txiki-handi asko emon behar direla adierazi du Lekeitioko EH Bilduk. “Energiaren burujabetzarako, adibidez, errez-errez daukagu kontratu aldaketa eginda. Iberdrola eta antzekoekin daukagun kontratoak eten eta Goiener eta antzekoez bazkidetu”. Zeregin horreri ekingo diotela esan dute hurrengo bi hilabeteetan.