Esprintean erabaki da Mutrikuko Atxukale Saria
Jon Barrenetxea Golzarri mungiarrak irabazi du Mutrikuko 36. Atxukale Txirrindu Saria. Gastronomia Baska-Avia txirrindulari taldeko kidea izan zen zapatuan helmugara iristen lehenengoa. 87 kilometroko ibilbidea osatzeko 02:14:43 denbora behar izan zuen...
Ohi bezala, Jose Mari Altzibar hiribideko aldapan gora amaitu zen proba, euripean, eta bertaratu zirenek sekulako bukaera ikusteko aukera izan zuten. Biribilgunetik hasi eta helmugarainoko azken metroetan ihesi zetozen 11 laguneko tropeltxoak egin zuen etapa irabazteko ahalegina, baina hiru izan ziren helmuga denbora berean gurutzatu zutenak. Pablo Gutierrez (Isidoro San Justo taldea) eta Ivan Cobo (Aseguras-Indupime) kantabriarrak izan ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren, helmugan.
Taldekako sailkapenari dagokionez, beste alde batetik, Ekin taldea izan zen lehenengoa, eta mendiko sailkapenean, berriz, Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberria izan zen onena.
Proba hasi aurretik urtarrilean zendutako Aniceto Uranga Berasaluze Txorixa gogoan izan zuten. Minutu bateko isilunea egin zuten Atxukale txirrindulari taldeko ohorezko presidentearen omenez. 1980. urtean kluba sortu zenez geroztik, presidente izan zen Uranga.