Goizeko Izarrak 50 urtean egindako lana aitortu du Berdel Aipamenak
Ikastolak herrian «euskaraz ikasteko bidea» zabaldu izanagatik jaso du sari preziatua. Berdel Eguneko 20 boluntario, berriz, Berdel Eguneko ohorezko laguntzaile izendatu ditu udalakGoizeko Izarra ikastolak azken 50 urtean egindako lana aitortu nahi i...
Ikastolak herrian «euskaraz ikasteko bidea» zabaldu izanagatik jaso du sari preziatua. Berdel Eguneko 20 boluntario, berriz, Berdel Eguneko ohorezko laguntzaile izendatu ditu udalak
Goizeko Izarra ikastolak azken 50 urtean egindako lana aitortu nahi izan du Mutrikuko Udalak, Berdel Egunaren baitan egindako ekitaldian. «Garai hartan, guraso, herritar eta irakasle talde batek erakutsitako ausardia eta egungo ikastetxeak ematen dion jarraipena» saritu ditu udalak.Ikastolak herrian euskaraz ikasteko «bidea zabaldu» duela nabarmendu zuen Jose Angel Lizardi alkateak barikuan egindako sari ematean, bertan lanean egon direnen eta ari direnen lana goraipatuz. «Diktaduraren aldetik nahiz eta debekuak egon, euskara berreskuratzen eta euskaraz hezteko proiektua hasi zuten».
Egungo ikastolaren izenean Antton de la Lama zuzendaria gerturatu zen saria jasotzera, eta berarekin batera talde anitzak jaso zuen aipamena: Rosarito Rementeria (andereño ohia), Jose Agustin Elezgarai eta Joseba Lete (hasierako guraso eta bultzatzaileak), Maite Astigarraga (lehen ikasleetako bat), Harkaitz Basterretxea (Saturran Guraso elkarteko kidea) eta Ekhi Lete (ikaslea eta Joseba Leteren biloba). Oroigarri preziatua zuzendariak hartu zuen alkatearen eskutik.
Zilarrezko berdela
Joseba Lete izan zen esker oneko hitzak adierazi zituen lehenengoa. «Eskerrik asko herritarrei gure testigantza jaso, eta jarraipena emateagatik. Zeuek ematen diozue zentzua hasiera hartan eraikitzen hasi ginen Goizeko Izarrari».
Berdel Aipamena, aldiz, ez zen izan barikuan banatu zen sari bakarra. Berdel Egunean urte askoan «isilpean eta musutruk» lanean jardundakoei aitortza egin nahi izan zien udalak, Berdel Eguneko ohorezko laguntzaile izendatuz.
20 bat herritarrek zilarrezko berdel ikurra jaso zuten alkatearen beraren eskutik.