Ikasleak grebara deituta daude eguaztenean, hezkuntza sistemaren aurka egiteko
Lea-Artibaiko Ikasle Abertzaleak jakitera eman duenez, ikasleak grebara deituta daude eguaztenean [martxoak 21]. Ikastetxeetan geldialdiak egiteaz gain, eskualde mailako manifestazioa ere egingo dute Markina-Xemeinen, 12:00etan, Arkupeetatik abiatuta.
“Egungo hezkuntza eredua tresna da burgesiarentzat eta sistema kapitalistarentzat”. Horren aurrean, eguaztenerako deialdia hezkuntza eredu hori gainditzeko “indarrak batzeko eguna” izango dela esan dute. “Zapaltzen gaituen hezkuntza sistemari aurre egiera goazela aldarrikatzeko ekintza izango da”.
Bestalde, eguazteneko mobilizazioa LOMCEri eta Heziberriri ere “ezetz”esateko aprobetxatuko dutela diote. “Izan ere, aurten ere planto egingo diegu errebalidei”.
Oro har, aurrera begirako erronketarako indarrak batuz, “hezkuntza kapitalistari” aurre egingo diotela eta herritik eta herriaren mesedetara egongo den hezkuntza eredua nahi eta behar dutela aldarrikatuko dute gazteek. “Ikasle guztiei eguaztenean ikaslegak hustu eta kaleak betetzeko deia egiten diegu, hau ez delako gure hezkuntza“.