“Zer komunikatu nahi den argi izatea garrantzitsua da, baina funtsezkoa da komunikatu nahi dena
zelan komunikatu behar den zehaztea”.
Adela Balderasen berbak dira. Basque Culinary Center, Esic Business and Marketing School eta Camarabilbao University Business School zentroetako irakaslea da Balderas, eta komunikazioaz eta motibazioaz jardun da gaur [martxoak 20] Lea-Artibaiko Emakume Ekintzaileen II. Topaketan.
Leartibai Garapen Agentziak eta Azaro Fundazioak antolatuta, hitzaldi parte hartzailea eman du Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean.
Marketin berria deritzona, bezero arreta eta zerbitzu ona ematea dela dio: “Egiten duzuna mimoagaz, maitasunagaz egin behar duzu. Bezeroak zaindu egin behar dira, eta besteekiko desberdintzen gaituena azpimarratu behar dugu. Zerbait gehiago eman behar diogu”. Ildo horretatik, sormena lantzearen garrantzia nabarmendu du.
Emozioak. “Detaileen magia” aitatu du hizlariak: “Emozioak sortzen dituzten gauza edo detaile txikiek landu behar ditugu. Gure lanean hobetuz joan, eta egiten dugunean sinistu, eta ilusioa izan behar dugu”.
Bezeroak zelan aldatu diren, eta aldaketa horietara
egokitzearen beharra aztertu dute gaurko saioan. Gero eta informazio gehiago daukate, dena jakin nahi dute–badena eta ez dena–, eta berehalakotasuna gailentzen da. Hau da, bezeroak hemen eta orain nahi du bere produktu edo zerbitzua.
Lea-Artibai Berrikuntza Gunean egin dute topaketa, 14:30etik 16:30era.
Bezero desberdinak daudela, eta ondorioz, i
kuspegi desberdineko bezeroak daudela azaldu zuten, eta Balderasen berbetan, ekintzaileek hori kontuan hartzea ezinbestekoa da.
“Gainera, gaur egun gauzak ondo egiten badituzu, bezeroak sare sozialen bidez konpartitu egiten du”, zehaztu du Basque Culinary Center-eko irakasleak.
Bezeroak ondo ezagutzea nabarmendu zuten parte hartzaileek. Horietaz zenbat eta gehiago jakin, horiek erakartzen hobeto asmatzen dela esan zuten. “Bezeroek emozioak bilatzen dituzte, eta beraz, zer eskaintzen duzuen adieraztean, produktuaren edo zerbitzuaren onurak azaltzea giltzarria da. Saltzen duzuen horretan sinistu behar duzue”, esan die hizlariak.
Batzuetan gauzak txarto saltzen direla kontatu zuen Balderasek.
Ondo egiten dena, ondo saltzen jakin behar dela deritzo, eta horregatik, saldu aurretik, hausnarketa edota lanketa egiteko eskatu die topaketara bertaratutakoei.
Sormena landu egiten dela, eta hortaz, sortzailea izateko denbora hartu behar dela dio. “Ikusmina edo jakingura” izatea garrantzitsua dela zehatu du.
“Bezeroari zerbait agintzen badiozu, hitza ematen badiozu, bete egin behar duzu”, gogora ekarri du.
Hitzaldi parte hartzailean, talde lana ere izan dute hizpide, eta gainera, taldeka batuta, zenbait ariketa egiteko tartea hartu dute. Horrela, Balderasen ariketak egin bitartean, elkar ezagutzeko zein esperientziak eta informazioa partekatzeko aukera izan dute.
Parte hartzaileek topaketa
aberasgarria izan dela, eta gustuko duten horretatik bizitzeko aukera dutelako pozik daudela azpimarratu dute.