Xisterak nabarmendu duenez, hiru klub gehiago izango ditu aurrerantzean. Xisterak urteko batzar nagusia egin zuen zapatuan [martxoak 17] Mutrikun, eta bertan hartu ziren erabakien artean hiru klub berriak gehitzea
aho batez onartu zen.
Honako taldeak dira Euskal Herriko Xistera Kluben Klubera batu diren azken taldeak: BAC Biarritz, Kostakoak Bidart eta Sam Maule. Ibon Urresiti Xisterako presidentearen iritziz, berri oso ona da. “Xisterak hazten joan behar du, eta horretarako pilotariak eta klubak behar ditugu. Geste hiru gehiago izatea oso garrantzitsua da”. Era berean, Euskal Herritik kanpoko klubek ere agertu dute proiektuan parte hartzeko nahia. Gai hori datozen batzarretan aztertzea erabaki dute.
Xisterako hainbat klubetako ordezkariak eta pilotariak, Miruaitzen. Argazkia: Xistera
Xisterako ordezkariek azaldu dutenez Mutrikuko
batzarra oso jendetsua izan zen. Eta bertan Xistera barruan dauden klub gehienek parte hartu zuten. Gaineratu dutenez, bestalde, une honetan Euskal Herriko zazpi herrialdeetako ordezkariak daude Xisteraren barruan. Denen helburua “elkarri lagunduz aurrera egin, eta zesta indartzeko ahaleginean” jarraitzea da.
Beste erabaki batzuen artean, ostera, aurrera begira orain arte egindako lanarekin aurrera jarraitzea aho batez onartu zen. Besteak beste, kanpusak egingo dira, eskoletara joango dira zesta-punta gertutik umeei erakusteko asmoarekin, eta beste hainbat ekintza ere egingo dituzte, beti ere zesta-puntaren etorkizuna bermatu ahal izateko. Horrez gainera,
denboraldi berria ere prestatzen ari da Xistera. “Egutegia zehaztu, eta guztia behar den moduan lotuta eta prestatuta dagoenean, egingo da aurezpena”.
Batzarra amaitu ostean, batzarrean parte hartu zutenak Miruaitz pilotalekuan batu ziren, talde argazkia ateratzeko.