'Hezkuntza kapitalistaren' kontra, greba egingo dute gaur ikasleek
Hezkuntza sistema «langile klasearen esfortzuagaz aberasten jarraitzeko» burgesiaren tresna dela diote. LOMCEren eta Heziberriren aurkako aldarria ere egingo duteIkasle Abertzaleek grebara deitu dituzte gaur Hego Euskal Herriko Derrigorrezko Bigarren...
Hezkuntza sistema «langile klasearen esfortzuagaz aberasten jarraitzeko» burgesiaren tresna dela diote. LOMCEren eta Heziberriren aurkako aldarria ere egingo dute
Ikasle Abertzaleek grebara deitu dituzte gaur Hego Euskal Herriko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta institutuetako ikasleak.Gaur egungo hezkuntza sistemaren kontrako aldarrikapena kalera aterako dute. Hezkuntza hau ez da gurea. Indarrak batuz, hezkuntza sistema gainditzera goaz! lelopean hainbat mobilizazio egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan zein hainbat herritan.
Bizkaian Gernika-Lumon, Markina-Xemeinen eta Bilbon jarri dute hitzordua. Gernika-Lumon 11:00etan Institutuan elkartuta manifestazioan aterako dira, eta Markina-Xemeinen, berriz, 12:00etan abiatuko dira Arkupetik.
Gipuzkoan, berriz, Donostian eta Beasainen izango dira mobilizazioak. Donostian, 12:00etan Ibaetako Aulariotik irtengo dira manifestazioan.
Ikasle Abertzaleek «kapitalistatzat» jotzen dute hezkuntza sistema: «Langile klasearen izerdiagaz aberasten jarraitzeko eta aberastasun hau etengabe handitzeko, beharrezkoak dituen pertsonak eta pertsona ereduak sortzeko tresna bat da burgesiarentzat hezkuntza».
Euren indar eta haserreak kalera atera, eta euren gaitasun propioei gorazarre egiteko eguna izango dela zehaztu dute. Eta aurrera begirako erronketarako indarrak hartzea dute helburu: «Ez gara aterako inolako gobernu, sailburu edo zuzendaritzari ezer eskatzera, gure indar, gaitasun eta antolakuntza propioz hezkuntza kapitalista suntsitzen ari garela erakustera baizik».
Errebalidak
LOMCEri eta Heziberriri ezetz esateko eguna ere izango da gaurkoa. Ikasturte amaieran errebalidak dituztela gogora ekarri dute, eta horiei aurten ere planto egiteko asmoa daukatela adierazi dute. DBH4koak maiatzaren 7tik 18ra izango dira, eta DBH2koak, maiatzaren 5etik maiatzaren 16ra.
«Planto dinamika masiboak indartu» eta hezkuntza komunitate osoari horiek babesteko eta indartzeko dei egin diete. «Antolakuntzaren bidez eragiteko gaitasun eta esparrua zabalduta, gaurtik aurrrera ere, hezkuntza kapitalista borrokatzen jarraituko dugu ikastetxez ikastetxe, botere burgesaren euskarri diren adierazle oro gure antolakuntza eta botere propioaren bitartez konfrontatuz».