Karmel Zubiaur nagusitu da I. Bodyboard Txapelketan
Maniobra ikusgarriak eta 1,5 metro inguruko olatuak izan zituzten zapatuan Mendexako Karraspio hondartzan jokatu zen Lekeitioko I. Bodyboard Txapelketan. Karmel Zubiaurrek erakustaldia eskaini zuen, eta bera izan zen txapelketako maila bietako irabazle...
Baldintza ezin hobeekin hasi zen txapelketa goizean. Karraspio hondartzako ezker olatu bikainak olatu luze eta tutudunak eskaini zituen, eta eguraldia ere alde izan zuten parte hartzaileek, eguzkia ikusteko aukera ere egon zen eta. Eguerdi aldera, berriz, marea gorantz zetorrela, haizeak ipar mendebaldera bideratu eta eguraldi aldaketa etorri zen. «Txapelketaren finalerako itsasoaren baldintzak eskastu ziren, baina parte hartzaileen motibazioa gora zetorren», azpimarratu dute txapelketa antolatu duten Artzabal Surf Elkarteko kideek. Eta, beraz, maniobra ezberdinak eginez asetu zituzten Karraspion bildutako bodyboard zaleak.
16 azpikoetan Mikel Ladron eta Alex Eizagirre izan ziren bigarren eta hirugarren sailkatuak; Open mailan, berriz, Andoni Jaio eta Iban Cano. Irabazleek, txapelak eta surf egiteko materiala izan zituzten sari.