Zer eta zelan komunikatu
Lea-Artibaiko Emakume Ekintzaileen II.Topaketa egin dute. Adela Balderas Basque Culinary Center-eko irakaslearen laguntzagaz, komunikazioa eta motibazioa landu dituzte parte hartu duten eskualdeko ekintzaileek.Zer komunikatu nahi den argi edukitzea gar...
Lea-Artibaiko Emakume Ekintzaileen II.Topaketa egin dute. Adela Balderas Basque Culinary Center-eko irakaslearen laguntzagaz, komunikazioa eta motibazioa landu dituzte parte hartu duten eskualdeko ekintzaileek.
Zer komunikatu nahi den argi edukitzea garrantzitsua da, baina funtsezkoa da komunikatu nahi dena zelan komunikatu behar den zehaztea. Adela Balderasen berbak dira. Basque Culinary Center, Esic Business and Marketing School eta Camarabilbao University Business School zentroetako irakaslea da Balderas, eta komunikazioaz eta motibazioaz jardun zen atzo Lea-Artibaiko Emakume Ekintzaileen II. Topaketan.Leartibai Garapen Agentziak eta Azaro Fundazioak antolatuta, hitzaldi parte hartzailea eman zuen Balderasek Markina-Xemeingo Lea-Artibai Berrikuntza Gunean.
Marketin berria deritzona, bezero arreta eta zerbitzu ona ematea dela azaldu zuen. «Egiten duzuna mimoagaz, maitasunagaz egin behar duzu. Bezeroak zaindu egin behar dira, eta besteekiko desberdintzen gaituena azpimarratu egin behar dugu. Zerbait gehiago eman behar diogu». Ildo horretatik, sormena lantzearen garrantzia nabarmendu zuen.
Emozioak
«Xehetasunen magia» aitatu zuen hizlariak: «Emozioak sortzen dituzten gauza edo detaile txikiak landu behar ditugu. Gure lanean hobetuz joan, eta egiten dugunean sinistu, eta ilusioa izan behar dugu».
Bezeroak zelan aldatu diren eta aldaketa horietara egokitzearen beharra aztertu zuten atzoko saioan. Gero eta informazio gehiago daukate, dena jakin nahi dute badena eta ez dena, eta berehalakotasuna gailentzen da. Hau da, bezeroak hemen eta orain nahi du bere produktu edo zerbitzua.
Bezero desberdinak daudela, eta, ondorioz, ikuspegi desberdineko bezeroak daudela azaldu zuten, eta Balderasen berbetan, ekintzaileek hori kontuan hartzea ezinbestekoa da. «Gainera, gaur egun gauzak ondo egiten badituzu, bezeroak sare sozialen bidez partekatu egiten du», zehaztu zuen Basque Culinary Center-eko irakasleak.
Bezeroak ondo ezagutzea nabarmendu zuten parte hartzaileek. Haiei buruz zenbat eta gehiago jakin, haiek erakartzen hobeto asmatzen dela esan zuten. «Bezeroek emozioak bilatzen dituzte, eta, beraz, zer eskaintzen duzuen adieraztean, produktuaren edo zerbitzuaren onurak azaltzea giltzarria da. Saltzen duzuen horretan sinistu behar duzue», esan zien hizlariak.
Batzuetan gauzak txarto saltzen direla kontatu zuen Balderasek. Ondo egiten dena, ondo saltzen jakin behar dela deritzo, eta, horregatik, saldu aurretik, hausnarketa edota lanketa egiteko eskatu zien topaketara bertaratutakoei.
Sormena landu egiten dela, eta, hortaz, sortzailea izateko denbora hartu behar dela esan zuen. Eta «ikusmina edo jakingura» edukitzea garrantzitsua dela iritzi zion.
«Bezeroari zerbait agintzen badiozu, hitza ematen badiozu, bete egin behar duzu», gogora ekarri zuen.
Hitzaldi parte hartzailean talde lana ere izan zuten hizpide, eta, gainera, taldeka batuta, zenbait ariketa egiteko tartea hartu zuten. Horrela, Balderasen ariketak egin bitartean, elkar ezagutzeko zein esperientziak eta informazioa partekatzeko aukera eduki zuten.
Parte hartzaileek topaketa aberasgarria izan zela eta gustukoa duten horretatik bizitzeko aukera dutelako pozik daudela azpimarratu zuten.