Apirilaren 2an Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna da, eta apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna. Horren harira, Mutrikuko liburutegian zozketak egingo dituzte. Zehaztu dutenez, liburu elektroniko bat, tablet bat eta bi liburu sorta zozkatuko dituzte erabiltzaileen artean. “Martxoaren 26tik apirilaren 27ra bitartean liburuak maileguan eramaten dituztenen artean egingo dira zozketak”.
Zozketak erabiltzaileen
adin tartearen arabera egingo dituzte:
- Liburu sorta bat: 0-6 urte bitarteko erabiltzaileen artean.
- Liburu sorta bat: 7-12 urte bitarteko erabiltzaileen artean.
- Tablet bat: 13-25 urte bitarteko erabiltzaileen artean.
- Liburu elektroniko bat: 26 urtetik gorakoentzat.
Bestalde, datozen egunetan liburu berri gehioago ailegatuko direla esan dute. “Liburu berri asko ekarriko ditugu liburutegira, oporretan irakurri ahal izateko”.
Aste Santuko oporrak direla eta,
liburutegiaren egutegia ondokoa izango da:
- Liburutegi orokorra: itxita egongo da martxoaren 29tik apirilaren 2ra. Gainerako egunetan ohiko ordutegia edukiko du.
- Haur liburutegia: itxita martxoaren 26tik apirilaren 6ra. Haur liburutegiko zerbitzuak erabiltzeko liburutegi orokorrera joan beharko da.