Apirilaren 16an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean Altsasuko gazteen epaiketa, eta
zapatuan [apirilak 14]
manifestazioa egingo dute Iruñean. 17:30ean Golem zinema aretoetatik abituta, Gaztelu enparantzaraino joango dira “justizia eske”.
Hain zuzen, terrorismo delitua egitea egotzita dauden gazte nafarren kontrako auzia
“muntaia politikoa” dela salatu dute behin eta berriro, eta 2016ko urriaren 15eko gertaera ez zela terrorismoa izan aldarrikatuko dute beste behin zapatu honetan.
Babes zabala. Euskal Herriko udalerri askotatik Nafarroako hiriburura joateko autobusak antolatu dituzte, tartean, Lea-Artibaitik. Hala, gazte altsasuarrak atxilotu zituztenetik hamaika elkarretaratze, manifestazio eta bestelako protesta ekintzak egin dituzte han eta hemen.
Zapatuko deialdiak ere erantzun zabala izan du jendartean. ELA, LAB, STEILAS, CGT, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuek Altsasuko gazteen auzia Nafarroako Auzitegian epaitzeko eskatu eta manifestazioarekin bat egitera deitu dute, bai eta Nafarroako Parlamentuak ere.
Altsasu Gurasoak auzipetuen senideen taldeak eta Altsasukoak Aske herri plataformak antolatutako mobilizazioaren alde egin dute Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak; UPNk, PSNk eta PPk kontra bozkatu dute.
“Iruñeko epaitegian gaude gogorarazteko gertakari hauek falta delitu gisa epaitu beharko lituzketela, hemen, ez Madrilgo Audientzia Nazionalean”, salatu du gaur Mitxel Lakuntza Nafarroako ELAko koordinatzaileak, zazpi sindikatuen izenean.
Nafarroako Lurralde Auzitegiak ere hori adierazi duela gogorarazi du Iratxe Alvarez ESKko bozeramaileak. Izan ere, iaz, auzitegi horrek esan zuen ez zegoela terrorismo delitua leporatzeko zantzurik, eta, hortaz, auzia Nafarroan epaitu beharko litzatekeela.
Autobusak:
- LEKEITIO: Izen ematea Galarrenan. Irteera: 15:00etan, Mandaskatik.
- MARKINA-XEMEIN: Izen ematea Txokoan.
- ONDARROA: Izen ematea Anaitasuna eta Kulixka tabernetan. Irteera: Zaldupetik, 15:00etan.