Ander Iruretagoienak irabazi du Mendexako zaldi lasterketa
Ander Iruretagoiena donostiarra izan da onena Mendexako Zaldi Lasterketan. Iazko txapelduna nahikoa erraz nagusitu da aurtengoan ere.Odol garbien finala bost zaldiren artean jokatu zuten. Kantabriako Guriezo herritik etorritako Mariposa zaldia eta Manu...
Odol garbien finala bost zaldiren artean jokatu zuten. Kantabriako Guriezo herritik etorritako Mariposa zaldia eta Manuel Revuelta sailkatu ziren bigarren, eta haien atzetik geratu ziren Lasarteko Iñaki Bueno eta Presuntuoso zaldia.
Beste alde batetik, Kart Cross lehia egon zen, eta Iban Muñoz eta Asier Tejado aurrez aurre aritu ziren, bi txandatan. Zazpi itzuli eman zizkien 820 metroko zirkuituari.
Nahiz eta lasterketa osoan berdintsu joan, bi txandetan Iban Muñoz gernikarra izan zen irabazlea, eta, ondorioz, berak eraman zuen Mendexako Laperri garaikur berezia.
Antolatzaileek azaldu dutenez, bi pilotuak lehenengoz aritu ziren hondartzan, eta oso gustura gelditu ziren lasterketagaz, zirkuituagaz zein giroagaz.
Urtero moduan, oraingoan ere, ikusmin handia sortu du Karraspio hondartzan lehiatutako probak. Eguraldiak asko lagundu ez arren, 2.000 ikusle inguru elkartu ziren Mendexako hondartzan. «Argi ikusi da lasterketa hauek jende artean indarra daukatela, eta urteroko ohitura dela ikusle askorentzat», azpimarratu dute Kuku Habixa Kultur Elkartearen ordezkariek.
Azken orduko gorabehera batzuen ondorioz, hasieran izena eman zutenek baino zaldizko gutxiagok lehiatu zuten martxoaren 31ko lasterketa.
Odol garbietan, hamar zaldizkok izena eman zuten, eta gurutzatuetan, aldiz, bik, baina azkenean, odol garbi motako zazpi zaldik eta gurutzatuetako bakar batek parte hartu zuten.
Aurreikusi moduan, bi sailkatze lasterketa eta bi final lehiatu zituzten. Bakoitzean hiru buelta eta erdi eman behar izan zizkioten 510 metroko zirkuituari.
Zozketa
Zaldi lasterketaz gozatera joan zirenen artean, euro bateko sarreragaz batera banatu zituzten zenbakien zozketa egin zuten. Banatutako bi sari Leagi kanpinean asteburu bat bi lagunentzat edo afaria bi lagunentzat izan ziren, eta beste bost sari, ostera, Mendexa Abentura Parkerako bina sarrera.