Giza katea prestatzeko ekintzekin jarraitzen dute Lea-Artibain
Ekainaren 10ean Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen 201,9 kilometroko giza kate erraldoia buruan, motorrak berotzen hasita dira Lea-Artibaiko Gure Esku Dago dinamikako kideak. Duela lau urte modura, erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko 100.000 lagun beharko dira eskuz esku eta arrazoiez betetako zapiekin. Eta erabakitzeko eskubidearen aldeko ekimena arrakastatsua izan dadin lanean hasita, hainbat zita zehaztu dituzte hurrengo egunotan.
Aulestin eta Markina-Xemein, esaterako, giza katearen nondik norakoak azalduko dituzte gaur [apirilak 13]. Aulestin, 19:30ean batuko dira, musika gelan. Markina-Xemeinen, berriz, udaletxeko batzar aretoan bilduko dira, 19:00etan. Amaieran kopaua eskainiko da.
Bestalde, Elkarrekin together film dokumentala Ondarroara iritsiko da etzi [apirilak 15], 18:30ean. Beikozinin egingo da dokumentalaren proiekzioa, eta horren ostean, Angel Oiarbide Gure Esku Dago-ren bozeramailearen solasaldia egongo da.