Bizkaiko Foru Aldundiak
Diego Garate arkeologoagaz eta Berriatuko alkate
Jon Arriolagaz batera aurkeztu ditu azken bi urtean Atxurra koban egindako ikerketa lanen emaitza. Azaldu dutenez, 113 animalia irudi aurkitu dituzte Atxurran; bisonteen eta zaldien irudiak dira gehienak, baina ahuntzak, uroak, oreinak eta beste animalia batzuk ere ageri dira. Silex materialagaz egindako piezak ere aurkitu dituzte, bai eta koba argiztatzeko erabilitako 500 ikatz hondakin ere. “Euskal Herrian irudi gehien dituen santutegi paleolitikoa da Atxurra”.
“Atxurran apaindutako panelei lotutako froga arkeologikoak aztertu, erregistratu eta indusketaren ondorioz, gizarte paleolitikoen prozesu artistikoari buruzko
informazio paregabea lortu da“, azaldu du Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatuak. Irudi horiek aztertu eta dokumentatzeko teknologia berriak erabili dituztela ere azaldu dute (irudien tratamenduan, fotogrametria, 3Dko topografia…).
Jon Arriola, Lorea Bilbao eta Diego Garate, Atxurra koban aurkitutako objektu bat ikusten. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
Silexagaz egindako
piezak mikroskopikoagaz aztertu dituzte, eta ondorioz, paleolitoko artistek artelanak sortzeko ze lanabes erabili zituzten jakin ahal izan da: lehengaiak nondik atera zituzten, lanabesak nola sortu zituzten eta horiek horman nola erabili zituzten jakin ahal izan da.
Argiztapenerako tresnak. Koban aurkitutako 500 ikatz hondakinak ere laborategian aztertu dituzte. “Horri esker, kobazuloan sartzeko, artelanak egiteko eta horiek behatzeko artistek erabili zuten argiztapen zelakoa izan zen jakin da”.
Zaldien plataforman (zaldien irudien gunea), esaterako, 4 argiztapen gune aurkitu dira. Horretan ipuruzko eta haritzezko errekuntza sutegiak aurkitu dira.
Bisonteen aretoan, ostera, hareharrizko ertza duen eta erregaia jartzeko aldeetako bat hustuan duen
lanpara mugikor bat aurkitu dute.
Bisonteen irudiak dauden gune horretan, gainera, sakabanatuta zeuden ikatz hondakinak aurkitu dituzte. “Horrek adierazten du zurezko zuziak erabili zituztela mugitu ahal zen argiztapena edukitzeko”; koban bizi izan zirenek gutxienez
hiru argiztapen sistema erabili zituztela ondorioztatu dute.
Oro har, Berriatuko Atxurra
arte galeria eta artista lantegia legez deskribatu dute. “Paleolitoko azken obrak daude han, bai eta pertsonek kobazuloetara sartu eta horiek apaintzeko erabili behar izan zituzten lanabesak ere”.
Atxurrako hormetan grabatuak egiteko eta barrualdea argiztatzeko erabilitako tresnak ikusgai egongo dira Arkeologi Museoan, apirilaren 17tik 29ra bitartean
Orain arteko aurkikuntzen berri eman badute ere, Atxurra aztertzeko proiektua ez dela amaitu esan dute; 2020ra arte azterketak egiten jarraituko dute. “Beste bi urtez azaldutako puntuetan aurrera egin eta sakondu ahalko da. Horrez gain, santutegi paleolitikoaren
apainketari lotutako kronologia zehatza ere ezarriko da, datazio erradiokarbonikoei esker”.
Beraz, 2020ra bitartean in situ lanean jarraituko dutela esan dute. “2020. urtea eta gero, beste azken kanpaina bat ere egingo da, memoria egin eta azken monografia idazteko”.
Altxorrak, ikusgai. Aurreratu dutenez, kobazuloan duela 14.000 urte sartutako pertsonek Atxurrako hormetan grabatuak egiteko eta barrualdea argiztatzeko erabilitako
tresnak ikusgai egongo dira
Arkeologi Museoan, Museoa piezaz pieza programaren baitan: silex materialagaz egindako zulakaitz bat, bost xabla eta hareharrizko lanpara bat egongo dira ikusgai,
apirilaren 17tik 29ra. Museoaren ordutegia: martitzenetik zapatura, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era, eta domeketan 10:30etik 14:00etara.