Berriatuko
Cikautxo kooperatibak eta
Ondarroako Udalak lankidetzan jardutea adostu dute. Bien arteko akordioa gaur goizean [apirilak 16] sinatu dute kooperatibaren egoitzan bertan, Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak eta Gotzon Juaristi Cikautxoren presidenteak.
Hitzarmenaren bidez, hain zuzen ere, Ondarroako Udalak erabilgarri duen Bide Onera zinema aretoko oholtzaren erabilera eta muntaia bermatuko dizkio Cikautxori hala behar duenean. Eta Berriatuko kooperatibak, bestalde, Itsasaurreko umeen jolas parkean beharrezkoa den koloretako kautxua emango du trukean. Adierazi dutenez,
lau urterako sinatu dute elkarlan hitzarmena 2021era arte. “Epe horren ostean aztertuko dugu hitzarmena luzatu edo ez”.
Zunbeltz Bedialauneta eta Gotzon Juaristi hitzarmena sinatzen, Cikautxon
Kooperatibak urteroko bazkide batzarra hainbat urtez Ondarroatik kanpo egin ostean, iaz berriro Ondarroan egitea erabaki zuten. “Cikautxo udalarekin jarri zen harremanetan iaz urteroko batzarra Bide Onera zineman egiteko. Izan ere, batzarra bertan egiteko agertokia handitzea behar zuten”. Alkateak nabarmendu duenez, gainera, lantegia Ondarroan ez badago ere, bertan hainbat herritarrek egiten dute lana, eta beste hainbat ere kooperatibaren sorreran egon ziren. “Batzarra eta bazkaria Ondarroan egitea onuragarria da. Gure ustez, eman behar zen gauza bat zen. Aipagarria da, gainera, Cikautxok herriko arraun taldeari eskaini dion laguntza ere”.
Cikautxoko presidenteak bere aldetik azpimarratu duenez, urteroko batzarra bertan egin ahal izateko
agertokia handitzea beharrezkoa da. “Bestelakoan ez ginen denok kabituko”. Zapatuan [apirilak 21] egingo dute hurrengo bazkide batzarra Bide Oneran, eta ostean, Ondarroako jatetxe batean bazkaldu dute 300 bat bazkidek.
Cikautxok behar duenean azpiegitura horren uztearen truke, bestalde, Itsas Aurreko parkea berriztatzeko hiru bat tona kautxo emango dituzte. “Jolas parkeetan, normalean, bi geruza ipintzen dira. Guk, zehazki, gaineko koloretako kautxoa jarriko dugu”, azaldu du Gotzon Juaristik. Alkateak jakitera eman duenez jolas parkea aurten berrizteko asmoa dute.