Elizpe Rockek jendez bete du Etxebarria
Jaialdia «ezin hobeto» atera dela esan dute antolatzaileek. Talde eta ikusleek jaialdia eskertu dutela azaldu dute. Publikoa kontzertuak kateatzen ibili zen goizetik gaueraEskualdeko musikarien plaza bihurtu zen zapatuan, Etxebarria. 11:00etan Biren ...
Jaialdia «ezin hobeto» atera dela esan dute antolatzaileek. Talde eta ikusleek jaialdia eskertu dutela azaldu dute. Publikoa kontzertuak kateatzen ibili zen goizetik gauera
Eskualdeko musikarien plaza bihurtu zen zapatuan, Etxebarria. 11:00etan Biren taldeagaz hasi eta goizaldeko ordu txikiak arte, Lea-Artibaiko musika taldeen doinuak zabaldu ziren herri osora. Giro ona, jende asko eta eguraldia ere lagun izan zituen Elizpe Rock jaialdiak. Hori dela eta, «hobeto ezin» atera izan dela esan dute antolatzaileek.«Oso pozik gaude. Guk espero baino jende gehiago batu zen, eta antolaketa ere primeran atera zitzaigun», azaldu dute, pozik. Prestaketak ere pentsatu baino aurretik amaitu zituzten, eta jende asko izan zuten ondoan laguntzeko prest. «Jaialdian parte hartu zuten musika taldeen zorionak eta esker onak ere jaso ditugu, eta horrelako jaialdi bat egoteko gogoa bazekautela esan digute askok».
Ikusleek ere gogotik eskertu zuten jaialdiak ekarritakoa. Izan ere, eskualdeko musika estilo ezberdinetako taldeak bertatik bertara entzuteko eta eurekin gozatzeko aukera eduki zuten.
Bete-beteta
Iru Bide, Olaia eta Otsolo herriko hiru tabernetako kanpoan egon ziren lehen kontzertuak, eta, apurka-apurka, jendea Etxebarrian biltzen joan zen. Eguerdiko batukadarako «saltsa handia» zegoen herrian, eta arratsalderantz gehitzen joan zen publikoa. Horrela, 20:00ak inguruan elizpetik igarotzea ez zen batere erraza, eta jaialdiari amaiera ematen zion Jake Materen azken kontzertuak bete egin zuen Plaza Barri.
Musikak ez zuen egun osoan etenik izan; jaialdia guneka antolatuta egon zenez, batzuek emanaldia eskaintzen zuten bitartean, beste batzuek entsegatu egiten zuten, eta, beraz, batetik bestera ibili ziren musikazaleak talde bat eta bestea kateatuz.
Txosna bat ere jarri zuten antolatzaileek, eta zozketa bat ere egin zen. Jake Materen kontzertuan atera zuten zenbaki saritua: 474 zenbakia. Sustraiak Naturagaz abentura ekintza batean parte hartzeko aukera izango duen zortedunak aste bi izango ditu agertzeko, bestela 382 ordezko zenbakiari emango diote saria.
Izandako arrakasta ikusita, «zalantza barik» bigarren Elizpe Rock egongo dela baieztatu dute jaialdia antolatu duten Etxebarriko gazteek.