Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta, Zubietako errauste plantaren aurkako protesta egingo da bihar [apirilak 18], 19:00etan, Mutrikuko osasun etxearen aurrean. Gipuzkoko hainbat herritan ere mobilizazioak deitu dituzte, eta Mutrikun
Osasuna bermatu lelopean egingo den elkarretaratzean ere parte hartzeko deialdia egin dute. “Ez geratu etxean, atera kalera eta adierazi zure kezka”.
Mugimenduko kideek nabarmendu dutenez, erraustegi plantaren inguruko kezka handia dago jendartean, eta
Zubietako lanak gelditzea beharrezkoa dela eskatuko dute biharko mobilizazioetan. “Europako hainbat herrialdetan erraustegiaren inguruetan agertzen ari diren minbizi ugalketa dela eta, alarma gorri guztiak pizten ari diren unean, hemen Gipuzkoan, gure osasun eta xahuketa ekonomikoari atea ireki diete inolako axolarik gabe. Gure ustez, badaude merkeago, osasuntsuagoa, eta ingurumenean eragin gutxiago duten alternatibak”.
Azpeitian errauste plantaren aurka egindako protesta bat. Argazkia: Ihintza Elustondo / Urola Kostako Hitza
Gaineratu dutenez, azkenaldian errauste plantaren inguruan argitaratu diren albisteek jendartean
kezka “areagotu besterik ez” dute egin. “Oraindik gogoan dugu Anbereseko (Belgika) erraustegia nola lehertu zen edota Ameriketako Estatu Batuetan eta Sardinian kiskali ziren errauste plantak, edota Zabargarbiko Q sukarraren isuria. Horiek denek errauste plantaren ondoan bizitzearen arriskuak ageriak utzi dituzte”.
Hainbat osasun arazo. Munduko Osasun Erakundeak 2016an argitaratutako txosten batean aipatzen duenez, esaterako, errauste planta berriek ere hainbat osasun arazo sor ditzakete. Eta Zubietan eraikitzen ari diren moduko errauste plantek
ehunka tona toxiko isurtzen dituzte urtero, eta isuritako milaka toxikoen artean, “kopuru mugatu bat” besterik ez da kontrolatzen.
Duela gutxi, esaterako, CSIC-eko ikerlariek Zubietako errauste plantaren ingurumen baimena aztertu dute, eta ikusi dutenez, baimendua dago hamabi sustantzi toxiko oso larri isurtzea
mugagabe eta kontrolik gabe. “Gipuzkoarroi hau ezkutatzea oso larria iruditzen zaigu. Berriki ere Parisen epai historiko bat jaso da. Parisko auzitegiak arrazoia eman die Vaux-le-Penileko errauste plantak kaltetutako 165 herritarrei, eta zigor gogorrak ezarri dizkio kutsaduraren ardura eduki zuen Meluneko mankomunitateari. Izan ere, baimendutakoa baino 1.700 aldiz dioxina gehiago isurtzen zuela aurkitu zuten 1998an egindako ikerketan. 2002 egindako ikerketan, berriz, dioxinak legez ezarritakoa baino 2.200 aldiz gehiago eta kutsatzaile organiko oso toxikoak antzeman zituzten”.