Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak eta Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkateak Ertzaintzaren eta Lekeitioko Udaltzaingoaren arteko
lankidetzarako eta koordinaziorako prozedurak eta bidea arautzeko hitzarmena sinatu dute gaur [apirilak 17] goizean, Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan. Akorduaren helburua lurraldean erabilgarri dauden polizia-baliabideak optimizatzea eta herritarrek segurtasun publikoaren arloan dituzten premiei erantzun hobea ematea dela adierazi dute.
Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburua eta Koldo Goitia Markuerkiaga Lekeitioko alkatea hitzarmena sinatzen. Argazkia: Segurtasun Saila
Legeak polizia koordinaziorako
batzordeen figura sortzea eta polizia-lankidetzako hitzarmenak sinatzea aurreikusten dituela gogora ekarri dute gaur goizean sinatu duten agirian, eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko
lankidetza tresnen beharra hainbat faktoreren ondorio dela jaso dute. “Batak zein besteak egin beharreko funtzioak edo funtzio partekatuak egotearen ondorio, lurraldean eginiko funtzio batzuk elkarren osagarri izatearen ondorio, berezko eskumenak gauzatzeak lurraldetik kanpo ere eragina izan ahal izatearen ondorio eta lurraldean dauden polizia-baliabideak optimizatzeko aukeraren ondorio”.
Horrez gain, polizia dispositibo eta operazioetan batera jarduteko protokoloak edo planak prestatu ahal izateko aukera ere jaso dute gaur berretsi duten hitzarmenean, “poliziaren eraginkortasun handiagoa lortzeko eta bi polizia-kidegoetako agenteen lankidetza beharrezkoa denean”.
Era berean, bi polizia-kidegoek erregularki
informazio erabilgarria emango diotela elkarri adostu dute, delituei aurrea hartzeko eta herritarren segurtasuna hobetzeko.
Gaurko hitzarmena Segurtasun Sailak eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak urtarrilean izenpetu zuten akordio hartatik sortu dela jakitera eman du Segurtasun Sailak. Eudel Euskadiko Udalen Elkartearekin oinarrizko hitzarmena sinatu zenetik, Segurtasun Sailak Barakaldoko, Leioako, Sestaoko eta Ortuellako udalekin izenpetu ditu.