Lea Ibarreko Herri Lagunkoia proiektuaren diagnostikoa egin dute
Edadetuak protagonista bihurtuz, eurek eurentzat gura dutena aztertzea izan da helburua. Orokorrean, osasuntsu daudela eta gustura eta pozik bizi direla adierazi duteLea Ibarreko Herri Lagunkoiak proiektuaren diagnostikoa osatu eta aurkeztu dute. Azter...
Edadetuak protagonista bihurtuz, eurek eurentzat gura dutena aztertzea izan da helburua. Orokorrean, osasuntsu daudela eta gustura eta pozik bizi direla adierazi dute
Lea Ibarreko Herri Lagunkoiak proiektuaren diagnostikoa osatu eta aurkeztu dute. Azterketa parte hartu duten edadetuen ekarpenari esker osatu ahal izan dutela azpimarratu du Mikel Ansotegi Lea Ibarrako Udal Manko- munazgoaren presidenteak. Eskualde mailan zein udaletan euren beharrizanak aintzat hartzeko konpromisoa erakutsi dute mankomunazgoak eta hura osatzen duten bost udalek.Premiak, eskaerak eta egoera zein den ezagutzeko talde eragilea osatu dute bost herrietako ordezkariekin, eta, herriz herri, parte hartze taldeak eratu dituzte. «Eskualde txikia gara; bost udalerrien artean 2.200 biztanle inguru gara. Nahiz eta gure desberdintasunak eduki, antzekotasun asko ditugu. Lehen ere gauza asko elkarregaz egindakoak gara, eta horrek ematen dio balioa eskualde honi. Orduan, denon artean diagnostiko hau egitea erabaki genuen», azaldu du Ansotegik.
Aurrerantzean ere parte hartzen, iritzia ematen eta kexak eta beharrizanak esaten eta eskatzen segitzera animatu ditu.
Arritxu Zelaiak aholkulari, teknikari eta dinamizatzaile lanak egin ditu, eta proiektuaren «motorra» talde eragilea izan dela zehaztu du. Horregaz batera, gizarte langileekin eta zaintzaileekin osatutako zazpi profesionalen taldea ere eduki dute ondoan. «Edadetu gehien Aulestik ditu, eta gutxien Gizaburuagak; Aulestin 65 urtetik gorakoak %27 dira. Orain arte gauza asko egin dira edaduentzat, baina edadetuak kontuan hartu barik». Hain zuzen, proiektu horren asmoa da edadetuek esaten dutena kontuan hartuta ikustea zer den hobetu beharrekoa, zer den ondo dagoena…
Zortzi alorri buruz berba egin dute: etxebizitza, eraikin eta aire zabaleko guneak, garraioa, begirunea eta gizarteratzea, gizartean parte hartzea, komunikazioa eta informazioa, lana eta herritarren parte hartzea eta gizarte zerbitzuak eta osasun zerbitzuak.
113 herritarrek parte hartu dute; edadeko guztiak kontuan hartuz gero, %23. Batez besteko adina 72 urtekoa izan da, eta parte hartu duen zaharrenak 92 urte ditu. «Bete dituzten galdetegietan osasun egoera normala duela erantzun du gehiengoak, eta eguneroko jardueretarako mugarik ez daukala».
Etxebizitza atalean aztertu dutenaren arabera, gehienak bikotekideagaz edota seme-alabekin bizi dira, eta etxebizitza jabegoan dute. «Bakardadea egon badagoela esan dute, baina askotan, ez bakarrik bizi izateagatik. Berba egiteko premia dutela diote, eta entzuteko inor ez», esan du Ansotegik.
Beste alde batetik, parte hartze alorrari dagokionez, %69 elkarteren bateko kideak dira.
Kexatu eta eskatu beharra
«Ekonomia atalean, Bizkaian bataz besteko errenta 1.131 eurokoa da, eta inkestetan jasotako datuen arabera, heren batek 400-700 euro artean jasotzen ditu, beste heren batek 700-1.200 euro artean eta gainontzekoak 1.200 eurotik gorakoa». Zelaiak dio datuok parte hartzaileengandik zein datu estatistiko- etatik atera dituztela.
Ansotegik orokorrean bost herrietan edadetuek ikusten dituzten arazoak aitatu ditu. «Nekazal eskualdea gara; behar asko egin, eta bizimodu gogorra izan duzue. Eta askotan ez kexatzeko kultura edo ohitura daukazue. Baina kexatzeko eta eskatzeko arrazoiak daudenean, kexatu eta eskatu egin behar da, eta hori egiten jakin egin behar da».
Herri eta eskualde seguruan bizi direla uste dute, eta aisialdirako guneak badituztela erantzun dute. Hala ere, garraio publikoan hobetzeko asko dagoela argi daukate, eta eskualde mailako edo herriz herriko zerbitzua emateko «landa taxia» jartzea proposatu dute. Era berean, Lekeitio, Gernika-Lumo edo Galdakaoko osasun zentroetara doazenean aparkatzeko arazoak dituztela diote.
Telebista antena eta telefono mugikorren estalduragaz ere arazoak daudela adierazi dute.
Gazteak errespetua galtzen ari direla iritzi diote, eta zaintzaileen zaintza azpimarratu, eta ospitaleetan edo egoitzetan daudenei laguntzea bultzatzea proposatu dute. Halaber, gizarte eta osasun zerbitzuei dagokienez, aurreko belaunaldietakoak baino hobeto zainduta daudenen sentsazioa dute, «profesionalak zainduta». Etxe zaintzaileak topatzeko arazorik ez dutela diote, eta horiek askotan etxekotzat hartzen dituztela.
Guardiako farmazia hiru asterik behin Ean izaten dute, eta hori oztopo ikusten dute; askotan hara joan eta beharrezko dituzten botikarik ez daukate. «Anbulantziak GPS koordenadak izan arren galdu egiten direla, eta ondorioz, larrialdi egoeretan benetako arazoak edukitzen dituztela azaldu dute. Eta Galdakaoko ospitaletik errebilitazioatik datozen anbulantzien ibilbidean, askotan, azken eskualdea da gurea. Gertatu izan da mediku alta 13:00etan jasotzea eta etxera 20:00etan heltzea».
Hobetzeko iradokizunetan, farmazietan etxeko banaketa zerbitzua jartzea aitatu dute, eta 48 orduko dosiak medikuak zuzenean ematea.
«Ondorio nagusi moduan, herri guztietan esan dute oso gustura daudela, eta pozarren bizi direla. Kexak ez dira hainbeste izan; orokorrean, konforme zaudete edo behintzat ez duzue esan zegaz konforme ez zaudeten», esan du Zelaiak. Parte hartze taldeetan eroso eta gustura egon direla ere adierazi dute.
Herriz herri
Eskualdeko aurkezpen orokorraz gain, herri bakoitzean aurkezpen bana egingo dute. Hain zuzen, eguenean Gizaburuagan egin zuten aurkezpen orokorrean, herriko diagnostikoaz ere aritu ziren. Astelehenean Mendexan, martitzenean Munitibarren, eta atzo Amoroton bildu ziren. Bihar Aulestin egingo dute azken saioa, 19:00etan.